Avanza Durangaldea Bizkaibuseko langileek greba egun berria egin dute hitzarmenaren alde eta murrizketen aurka

2022/02/10
Avanza Bizkaibuseko enpresa-batzordeak beste greba-egun bat deitu du hitzarmenaren alde eta enpresa aplikatzen ari den murrizketen aurka. Ildo horretan, Bizkaiko Foru Aldundiari eskatzen dio zerbitzuaren esleipena duen enpresa horri eska diezaiola hitzarmena bete dezala eta langileen baldintzak errespeta ditzala, murrizketak eten ditzala, ez dezala zerbitzua okertzen eta arriskuan jartzen duen erabakirik hartu, eta aurrekontu-partidak erabil ditzala langileen bizi-kalitatea bermatzeko eta hobetzeko. Avanza multinazionalaren blokeoak bere horretan jarraitzen badu eta BFAk beste alde batera begiratzen jarraitzen badu, enpresa-batzordeak mobilizazioak areagotuko direla aurreratu du: martxoan greba egun gehiago izango dira.

Avanza taldeak, besteak beste Ibaizabal eta Nerbioi Garaiko hainbat eskualdetan Bizkaibusen zerbitzua ustiatzen duen multinazionalak, uko egin dio hitzarmena berritzeari, 350 langile baino gehiagori murrizketa eta baldintza-aldaketa gehiago eginez erantzun dien bitartean.


Batzordeak urteak daramatza hitzarmena berritu nahian, eta multinazionalak, berriz, presioa handitzen du, murrizketak eginez: lanaldi partzialeko erretiroak ukatzen ditu, egutegiak eta oporrak aldatzen ditu, lizentziak baztertzen ditu edo ez ditu antzinatasunak onartzen. Murrizketa horiek eragina dute zerbitzuan.


Bizkaiko Foru Aldundiak ez die jaramonik egiten langileen aldarrikapenei, eta aukera ematen du diru publikoarekin espekulatzeko, udalerrientzat funtsezkotzat jo den zerbitzu batean, egunean 30.000 erabiltzaile baino gehiago dituzten 75 autobus baitaude.