Azaroan langabeen %58,8ak ez zuen inolako prestaziorik jaso
Langabezia mailak makal jarraitzen du, aurreko hilabetean baino 2.784 pertsona gutxiago egon arren langabezian erregistraturik. Tamalez, Europar Batasuneko langabezia eta prekarietate maila txarrenetakoak ditugu.
Gazteen langabeziari dagokionez, 13.024 gazte langabe daude HEHn (3.979 Nafarroan eta 9.045 EAEn) urrian baino 124 gutxiago. Iazko azaroarekiko 3.663 gazte gutxiago daude langabezia egoeran, 668 Nafarroan eta 2.995 Euskal Autonomi Elkartean.
Kontratazioari dagokionez, datuak kezkagarriak dira oraindik ere: azaroan egindako kontratuak 102.413 izan dira, horietatik 95.776 behin-behinekoak; beraz, egindako kontratuen %93,5a epe baterako kontratuak izan dira. Azaroan tenporalitatea zertxobait altuagoa izan da Nafarroan (%95ekoa) EAEn baino (%93koa).
Gainera, urrian langabezia egoeran zeuden 196.595 pertsonetatik soilik 80.844k jaso zuten prestazioren bat; hau da, langabeen %58,8ak ez zuen inolako prestaziorik jaso bere langabe egoeragatik; are gehiago, ehuneko hau gorantza doa azken urteotan, eta ez dirudi joera aldatuko duenik. Langabe bakoitzeko prestazioa beherantz doa, estatuak 419,26 euro bideratzen baititu Hego Euskal Herriko langabe bakoitzeko.
Hori dela eta, argi geratzen da egoera oso larria dela oraindik ere, langabezia maila jasangaitzekin eta prekarietate maila altuegiekin. Gainera, BPGaren hazkundea egon arren, ez da aberastasunaren banaketa justurik ematen eta ez da ia enplegurik sortzen, eta sortzen den enplegua oso murritza izateaz gain, gero eta prekarioagoa da.