LANGABEZIA DATUAK
Azaroan sinatutako lau kontratutik hiru aldi baterakoak izan ziren

Urrian langabeziak nabarmen gora egin ondoren (+3.614), azaroan 1.333 langabe gutxiago izan dira. EAEn 1.493 langabe gutxiago daude; Nafarroan, aldiz, laugarren hilabetez jarraian handitu da, oraingoan 160 gehiago. Hala, langabezia %9,9koa da Hego Euskal Herrian, Europar Batasunean baino ia lau puntu handiagoa, urrian %6koa izan baitzen.
Emakumeen artean ere langabeziak behera egin du; hala ere, langabezian dauden emakumeen proportzioa %58koa da. Gazteen datuei dagokionez, ikus daiteke azaroan 157 langabe gutxiago izan direla, baina urte arteko saldoa negatiboa izaten jarraitzen du, duela urtebete baino 610 pertsona gehiago baitaude egoera horretan.
Kontratazioaren datuek erakusten dute sinatutako kontratuen %76 aldi baterakoak izan direla, hau da, azaroan sinatutako lau kontratutik hiru aldi baterakoak izan dira Hego EHn. Halaber, adierazi behar da Espainiako Lan Ministerioak emandako zifrek egiaztatzen dutela langabezian dauden pertsonen erdiak baino gehiagok (%54) ez zuela inolako langabezia prestaziorik jaso urrian. Gainera, % 26k soilik jaso zuen kotizaziopeko prestazioren bat.
Egoera horren aurrean, ezinbestekoa da antolatzea eta mobilizatzea prekarietatearekin amaituko duten eta sektore publikoan zein pribatuan lan baldintzak duinduko dituzten neurrien alde. Horregatik, ELAk neurri irmoak eskatzen ditu gaitz horrekin amaitzeko: prekarietatearen eta soldata arrakalaren aurkako neurriak artesa zein egonkortzea eta KPIren araberako igoerak.