Azaroaren 11ko deialdia erregistratu dute Euskal Herrian
Azaroaren 11ko greba orokorra Euskal Herritik Euskal Herrirako deialdia izan behar duela sinetsita, gaur grebaren erregistroa egin duten ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek eta etxebizitza sindikatuek deialdi bateratua landu dute.
Denek bat egin dute patronalak eta erakunde publikoak interpelatzeko orduan. Hala, salatu dute Confebaskek, EAEn, eta CEN patronalak, Nafarroan, langile klasearen prekarizazioa betikotzen dutela, bertoko errealitatearekin bat datorren gutxieneko soldata propioa ezartzeari uko egiten dioten bitartean. Etxebizitzaren arloan, langileen bizitzen kontura aberasten jarraitzea leporatu diete. Halaber, adierazi dute Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta era askotako udalek negozioa indartzen duten politikak garatzen jarraitzen dutela, nahiz eta erakunde horiek eskumen zabalak dituzten arlo horretan. Uste dute badela garaia errentadunen aldeko politikak egiteari uzteko eta Lan Harremanen eta Gizarte Babesaren Euskal Esparruan sakontzeko.
Gauzak horrela, azaroaren 11n, sindikatuak eta eragileak grebara joango dira etxebizitza eskubidea bermatzeko eta espekulazioari ezetz esateko. Langile klasearen pobretzearen aurka eta soldaten igoeraren alde ere egingo dute. 1.500 euroko gutxieneko soldataren aldeko azken greba orokorretik zortzi hilabete igaro ez direnean.
Guztiontzako kalitatezko etxebizitza bermatzea posible dela azpimarratu dute, baina horretarako erroko hiru transformazio bultzatu behar ditugula diote: espekulatzaileen espropiazioa; jardun espekulatiboaren debekua; eta etxebizitza langileriaren beharretara antolatzea. Horrekin batera, badira euskal langileriak berehalakoan beharrezko dituen neurriak: etxegabetze guztien etetea eta etxebizitzaren prezioen jaitsiera.
Sindikatuek diote etxebizitza bihurtu dela kezka nagusietako bat, eta langile klasea pobretzeko arrazoi nagusietako bat, eta, aldi berean, arrakala matxista eta arrazistetan sakontzen duela. "Etxebizitza eskubide bermatuta egon beharko litzateke, osasunaren eta hezkuntzaren neurri berean", diote.
Hori lortzeko oztopo nagusia espekulazioa dela salatu dute.