GREBA FEMINISTA OROKORRA

Azaroaren 30eko deialdia erregistratu da

2023/10/11
ELA, LAB, STEILAS, ESK, EHNE, ETXALDE eta CGT sindikatuek, EHko Mugimendu Feministak iragarritako azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorraren deialdia erregistratu dute, Bilbon. Langile guztiak daude grebara deituta.

Sindikatu deitzaileek adierazi duten moduan, greba feminista orokorraren aldarrikapen nagusia zaintza eskubide kolektiboa eraikitzea da, zaintzen egungo antolakuntza soziala eraldatuz eta euskal zaintza sistema publiko-komunitario duina eraikiz.

Azkenengo 3 urteetan zehar Euskal Herriko Mugimendu Feministak prozesu parte hartzaile bat eraman du aurrera, beste hainbat eragile sozial eta sindikatu deitzaileekin batera. Lanketa honen emaitza aldarrikapen amankomun batzuk izan dira eta greba feminista orokorra deitu dute horien alde.

Amaia Muñoa Idazkari Nagusi Albokoak adierazi du zaintza gaia guztiona dela, eta badela garaia bidezko zaintza duina bermatuko duen sistema eraikitzeko. Helburu horretarako, Greba Feminista Orokorra bultzada sakona izan dadin ELAk ahalegin guztia jarriko duela azpimarratu du, azaroaren 30ean greba feminista orokorrarekin bat egiteko deia jendarte osoari luzatuz.