Azkarragak enpresariekiko erabateko morrontza agertu du

2009/01/22
ELAko Negoziazio Kolektiboko arduradun Joseba Villarrealek ez seriotasunik, ez zehaztasunik ez izatea leporatu dio Lan sailburu Joseba Azkarragari.

Izan ere, sailburuak erregulazio espedienteen inguruko datuak plazaratu ditu gaur goizeko prentsaurrekoan, langileen ordezkariei informatu aurretik.

ELAren iritziz, Azkarragaren jarrera espediente-aurkezle diren enpresetara lerratu da, alde horretatik oso adierazgarriak txostenen irakurketa okerra eta sindikatuekin egiaztatu aurretik informazioa kaleratu izana. Horregatik, Villarrealek salatu du Azkarragaren erabateko morrontza enpresariekiko.

Villarrealek berriro exijitu du administrazioen eskuetara iritsi diren erregulazio espedienteen inguruko informazio zehatza eta gaurkotua.

Bere esanetan, datuon erabilera alderdikoia eta berekoia onartezina eta ulertezina da, horrelako informazioa sindikatuen esku ere egon beharko baitzen. Alderantziz, Sindikatu honek informazio eske igorritako gutunari erantzun ere ez dio oraindik egin Lan Sailak.