Azken bost urteotan ELAko 13.000 afiliatuk euren lan eskubideak defendatu dituzte erresistentzia kutxarekin

2022/05/30
Azken bost urteotan ELAko 13.000 afiliatuk euren lan eskubideak defendatu dituzte erresistentzia kutxarekin
Azken 45 urteotako hautu estrategikoa izan da ELArentzat erresistentzia kutxa, “bestela, grebarako gaitasunik ez dagoenean, patronalak nahi dituen hitzarmenak sinatzen dira”, oroitarazi du Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak, Alazne Mantxola sindikatuko diruzainarekin batera eskaini duen prentsaurrekoan. Horregatik, ELAk afiliatu bakoitzaren kuotako 4 eurotatik 1 erresistentzi kutxara bideratzen du. Hau da, sindikatuaren 100.000 afiliatu baino gehiagok egindako ekarpen ekonomikoaren %25 doa erresistentzia kutxara. 2021ean 2.096 afiliatuk aktibatu zuten ELAko erresistentzia kutxa. Afiliazio kuoten laurdena bideratzen du sindikatuak erresistentzia kutxara. Afiliazioaren ekarpenei esker bermatzen da grebari eusteko gaitasuna.

“Elkartasun tresna paregabea” dela berretsi du Lakuntzak, langileek elkar babestea dakarrelako. Datuek ere hori erakusten dute: 2021ean 2.096 afiliatuk erresistentzia kutxa erabaili zuten euren eskubideak defendatzeko. Horietako asko borroka  ezagunetan: Tubacex, IMQ, Guggenheim, Novaltia… Eta atzerago joz gero eta pandemia tarteko izan dela jakitun, 2017tik 13.000 afiliatu inguru izan dira kutxara jo dutenak.
Gainera, Mantxolak azpimarratu du langileek eurek aktibatzen dutela erresistentzia kutxa, araudia betez gero. “Langileek greba egitea erabakitzen dutenean aktibatzen da”. Eta horri esker, langileak 1.243 euro jasotzen ditu hilero grebak dirauen bitartean (norberaren soldataren mugarekin).
Horregatik, afiliatu oinarri zabala eta konprometitua behar du sindikatuak, idazkari nagusiak oroitarazi duenez. Izan ere, euren ekarpenei esker sindikatuaren autonomia ekonomikoa eta independentzia politikoa bermatzen dira. Baita patronalari aurre egiteko gai den erresistentzia kutxa ere. «Grebak ez dira irabazten arrazoia duzulako», gaineratu du Lakuntzak. «Eusteko gaitasuna duzunean irabazten dira, akordio onak borroka sindikala dagoenean lortzen baitira». Horren adibide dira ELAk urtero lortzen dituen 300 akordioak, batez beste.
Langile Harremanen Kontseiluak (LHK) emandako 2022ko datuek erakusten dute horren eragina: otsailera arte, 18.469 lan egin gabeko egun metatu ziren EAEn greben ondorioz; Estatuan (urtarrileko datua) 9.587 izan ziren. Eta hori soldata igoeretan islatzen da: EAEn 4,92ko igoera izan dute (indarrean dauden hitzarmenetan); Estatuan, 2,40. «Erresistentzia kutxak ELAko langileei alternatiba bat bermatzen die afiliazioari esker. ELAren 100.000 afiliatuak baitira borrokaren oinarria».