Azken greba orokorrean parte hartzeagatik epaitutako gazteari babesa emateko elkarretaratzea egin dute

2021/06/29
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako kideek elkarretaratzea egin dute Bilboko Epaitegiaren aurrean, lana, pentsioak eta bizitza duina defendatzeko 2020ko urtarrilaren 30eko greba orokorrean jasotako salaketa batengatik epaitu duten Ermuko gazteari babesa adierazteko. Karta osatzen duten erakundeek, tartean ELA, bere absoluzioa eskatu dute, eta borroka-sindikalismoaren errepresioa eta askatasun politikoen aurkako epaiketa honek dakarren eraso larria salatu dute.

Kartako kideek salatu dute balio sozialak eskatzea ez dela delitua, eta epaiketa hau borroka sozialak kriminalizatzeko eta beste gizarte bat posible dela defendatzen dutenak isilarazteko saiakera dela. "Grebalarien aurka azken hilabeteetan jaso ditugun isunak eta akusazio penalak salatzeko bildu gara hemen. Ez da onargarria aldaketa soziala kriminalizatzeko ahalegin berri hori. Gure lan- eta bizi-baldintzak txirotzen eta prekarizatzen dituztenek etxean nahi gaituzte, isilik eta otzanduta. Ez da onargarria eskubide sozialen alde dauden herritarrak zigortzea kapitala pertsonen bizitzaren aurretik jartzen dutenekin akordioak lortzen diren bitartean".