Azken hamabi hilabeteetan 96.300 lanpostu galdu dira Hego Euskal Herrian

2009/10/23
ELAren esanetan eskandaluzko datua da hau, krisialdia enpleguan izaten ari den larritasuna islatzen duena.

Galdutako soldatapeko lanpostuen %92,4a behin-behineko enpleguari dagokiola azpimarratzen du ELAk. Hau da, beharrezkotzat jotzen dituen enplegu doikuntzak egiteko, gure behin-behinekotasun altuaz baliatzen da patronala.

Langabezi tasa %11,3rarte igo da, aurreko urtean baino 4,8 puntu altuago. Zehazki, langabe kopurua 152.700ekoa izan da, aurreko urtean baino 63.300 gehiago. Langabe kopuruak %71ko igoera izan duela adierazten du honek, Europako Batasuneko batezbesteko %27aren aldean (europar mailako azken datua abuztukoa da). Egoera ekonomikoak Europako Batasunari ere eragiten dio, baina Batasuneko beste toki batzuetan baino askoz enplegu gehiago suntsitzeko aitzakiatzat erabiltzen ari da krisialdia Hego Euskal Herrian.

Onartezina da sortu ez dugun krisialdi baten ondorioak guk ordaintzea. antolakuntza, mobilizazioa eta borroka dira gure enplegua, gure baldintzak eta gure eskubideak defendatzeko ditugun tresna bakarrak.