Azken lan istripuak salatzeko kontzentrazioak egingo dira bihar Amurrion eta Laudion

2005/11/02

ELA, LAB, ESK eta STEE-EILAS sindikatuak deituta, bihar kontzentrazioak egingo dira lan istripuetan hildako azkeneko bi lagunen heriotzak salatzeko. Lehenengo ezbeharra urriaren 28an izan zen. Hildako langilea Amurrioko Industrialdean egiten zuen lan, Lazaro Iturbe Internacional enpresako mantenu lanetan. Bere heriotza salatzeko kontzentrazioa 11:30tan izango da, enpresaren atarian.

Bigarren ezbeharra ere ostiralean izan zen. Hildako laguna Laudioko Industrialdean kokatutako Transportes Tomas Atxa enpresako langilea zen. Garraio-berezietako kamioi bat gidatzen ari zela, argitu ez diren arrazoiengatik garraiatzen zuen karga gainera erori zitzaion. Bere heriotza salatzeko kontzentrazioa 12:00tan izango da, enpresaren egoitzaren aurrean.