Azpeitiko Corrugados-en greba hasi dute, 60 kaleratzeen kontra
2012/06/15
Zuzendaritzak 60 langile kaleratu nahi dituela salatzeko, astebeteko greba hasi dute Corrugados-eko langileek. Gainontzeko langileei soldata %35 jaistea eta urteko lanaldia 49 ordu luzatzea proposatu die zuzendaritzak.
Corrugados Azpeitia enpresako langileek greba egingo dute hilaren 15etik 22ra, zuzendaritzak beste 60 lagun bota nahi dituela salatzeko. ELAko eta LABeko ordezkariek deitu dute greba.
ELAren iritziz, kaleratze horiek kolokan jarriko lituzkete urtearen hasieran Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Gallardo taldeari emandako laguntzak. Jaurlaritzak bost milioi euro utzi zizkion maileguan, ordainketak eten beharrik izan ez zezan, 2016ra arte 305 lanpostuei eusteko baldintzarekin. Diputazioak, berriz, 2011. urteari zegozkion zerga ordainketak atzeratzeko eta hurrengo urteetan egiteko aukera eman zion, baldintza bera betetzearen truke.