Azpikontratatuaz eta pribatizatuaz prekarietatea eta miseria hedatzen da

2016/08/23
Azpikontratatuaz eta pribatizatuaz prekarietatea eta miseria hedatzen da
Aspaldian salatu izan dugu gure erakundeetan agintzen duten alderdi politikoek sustatzen duten pribatizazioa eta azpikontratazioa medio milaka eta milaka langileren baldintzak prekarizatzen ari direla. Langileok irtenbide bakarra dugu lan-baldintza hobeen alde borrokatu eta aldarrikatzeko, mobilizazioa eta greba; gatazkak sarri gehiegi luzatzen dira, batik bat administrazioak ez duelako negoziatzeko borondaterik agertzen.

Hain zuzen, uneotan greba edo gatazkan dauden langile horiek agerraldi publikoa egin dute ELAk Bilbon duen egoitzan. Beraiekin Adolfo Muñoz –idazkari nagusia– eta Joseba Villarreal –negoziazio kolektiborako arduraduna– ere izan dira. Biek politika hauen ondorioak salatu dituzte: enplegu tenporala, miseriazko soldatak, eskubide eta berme gutxiago.

“Gatazka guzti hauek komunean dute administrazio publikoa dela zerbitzu hauen kudeaketaren arduraduna. Eta administrazioaren helburua ez da zerbitzu publiko bat baldintza onetan eskaintzea, baizik eta zerbitzuaren lizitazioa beherantz botatzea, lan-baldintzak axola gabe eta beti zerbitzuaren esleipena lortuko duen enpresaren interesen alde eginez. Eta gatazka guzti hauek ere badute beste gauza bat komunean: uneotan administrazio horietan agintean dagoen alderdia, EAJ”.

“Argi dagoena da –gaineratu dute– mahai gainean lan baldintza duinak jartzen direnean gatazka segituan amaitzen dela. Bilboko Arte Ederren Museoan gertatu dena honen adibide argia da. 41 greba egunen ostean, azkenean hitzarmen duin egon zenean akordio oso denbora laburrean itxi zen. Gure helburua ez da gatazkak luzatzea, gure helburua lan baldintza onak lortzea da. Eta esperientziak erakusten digu horretarako ez dagoela borroka eta mobilizazioa beste biderik”.

Gipuzkoako errepideak mantentzeko UTEak. Greban joan den martxoaren 1etik hona. Aldarrikapena, lan-baldintzak arautu eta hobetzeko lan-hitzarmen bat; gaur egun azpikontratetako langileek zuzenean Aldundiak kontratatutakoek baino %36 gutxiago irabazten dute. Gatazkaren hasieratik Gipuzkoako Foru Aldundiarekiko (GFA) harremana eskasa izan da, baina azken bi hilotan ez dago kontakturik. GFAko bozeramaileak iradokita, ekainaren 10ean gure aldarrikapenak moldatu eta proposamen bat aurkeztu genuen, baina oraindik ez dugu erantzunik jaso.

UTE TMB Arraiz. Greba mugagabean joan den apirilaren 4tik aurrera. Helburua, Bizkaiko Foru Aldundiaren (BFA) planta honetan gertatzen diren prekarietate kasuei irtenbidea ematea; kudeaketa Garbiker sozietate publikoaren esku dago, eta Pabisa eta Valoriza-Sacyr enpresei azpikontratatu zaie. 25 langiletik gora dago lanaldiaren %27ko kontratuz, hau da, hilean 400 euro ere ez dute jasotzen; bestalde, batez besteko soldata ez da 1.200 eurora iristen. Txandaka eta asteburuetan lan egiteagatik ez dago plusik; urteko lanaldia 1.728 ordukoa da, sektorean batez beste 1.592 delarik. Negoziazioa antzua da; BFAko solaskiderik ez dugu topatzen, bera den arren instalazioaren jabe eta arduradun nagusia.

Bizkaiko erresidentziak: Azken hiletan 18 greba egun egin dira, azkena, ekainean astebetez. Iraileko bigarren hamabostaldian, akordiorik ezean, greba areagotu egingo dugu akordiorik ez bada iristen. Sektore honetan Bizkaiko Erresidentzien Lan-Hitzarmena berritu nahian gabiltza: Lan-baldintza hobeak (35 orduak, soldata igoera duina, ratioak eta baja-osagarriak hobetzea eta lizentzien berrikuspena), eta sinatutakoa beteko dela bermatzea, erabiltzaileei zerbitzu hobea eskaini ahal izateko. Ezinbestekoa da gure adinekoak zaintzen dituzten pertsonen baldintzak hobetzea. 

Azken hitzarmena negoziatu zenean BFAk zuzenean hartu zuen parte. Areago, aurreko Diputatu Nagusiak egoitza bat inauguratzerakoan esan zuen langileekin akordioa lortu zela; haatik, oraingoan Aldundia ez dago negoziatzeko prest. Zer aldatu da, baina? Gogoratu beharra dago zerbitzu publiko hau BFAk azpikontratatu eta %70ean finantzatzen duela, eta beraz, erakundeak berak bermatu behar du zentro guztietan kalitatezko zerbitzu publikoa eskainiko dela.

Busturialdeko etxez etxeko laguntza: Zerbitzu hau ematen dugun 24 langileok uztailean hiru egunez greba egin dugu; izan ere, Urgatzi SL enpresak, Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak azpikontratatua, ukatu egiten du lantokiko hitzarmen bat negoziatzeko aukera; honen bidez lan-baldintzak arautu eta dagoen prekaritateari aurre egingo litzaioke. Bere hortan jarraituz gero, mobilizazioari berriro helduko diogu datorren irailean. 

“Argi dagoena da –gaineratu dute– mahai gainean lan baldintza duinak jartzen direnean gatazka segituan amaitzen dela. Bilboko Arte Ederren Museoan gertatu dena honen adibide argia da. 41 greba egunen ostean, azkenean hitzarmen duin egon zenean akordio oso denbora laburrean itxi zen. Gure helburua ez da gatazkak luzatzea, gure helburua lan baldintza onak lortzea da. Eta esperientziak erakusten digu horretarako ez dagoela borroka eta mobilizazioa beste biderik”.

Hona hemen salatu diren lan gatazken laburpen bat, eta gaur egungo egoera.