BIZKAIKO FORU ALDUNDIKO GARBITZAILEAK

Azpikontratatutako garbitzaileek kontzentrazioa egin dute Bizkaiko Foru Jauregian

2024/03/12
Greba eguna dute gaur, eta bihar, martxoak 13, sardin jatea egingo dute Aldundiaren aurrean.

Gaur, martxoak 12, greba eguna dute Bizkaiko Foru Aldundiko azpikontratatutako Optima empresako 200 bat garbitzailek. Hilabeteak daramatzate hitzarmena negoziatzen, eta eskatzen dute euren soldatak pareka daitezela Aldundiko langileen soldatekin.

Azpikontratatutako langileek Aldundikoek baino %36 gutxiago kobratzen dute, nahiz eta lan bera egin eta lan karga handiagoa ere izan. Enpresak, ordea, lehentasuna ematen dio enpresaren irabaziei eusteari, plantillaren lan baldintzen kalterako, eta negoziazioa blokeatzen ari da. Horregatik, langileek ez dute borroka indatzea beste aukerarik izan.

Bizkaiko Foru Aldundiak oraindik ez du langileekin bilerarik egin, eta barne komunikatua igorri die bere langileei zera eskatuz: greba egunetan lantokia ez zikintzeko janaria ez eramatea, eta animatu ditu grebaren ondorioak arintzeko beharrezkoa dena garbitzera. Bizkaiko Foru Aldundiaren jarrerak agerian uzten du bere arduragabekeria, eta ez du nahi inolako erantzukizunik hartu, nahiz eta bera izan zerbitzua kontratatzen duena. Era berean, baimendu egiten du prekarietatea sufritzen duen kolektibo feminizatu bat bere etxean bigarren mailako sentitzea. Horregatik, langileek elkarretaratzea egin dute gaur Aldundiaren aurrean, negoziazioetan inplika dadila eskatzeko.

Bihar, martxoak 13, langileak Foru Jauregiaren aurrera itzuliko dira sardina-jana egiteko 12:30ean.