Donostiako Udala
Azpikontratatutako garbitzaileen aurreakordioa sinatu du ELAk

Hitzarmena 2021. urtetik sinatu gabe zegoen, gutxiengoan sinatuta. Ondorioz, Gizatzen enpresak, 2023an pleguen esleipendun izan zenetik, langileei lan baldintza ezberdinak aplikatzen hasi zitzaien lan berberagatik: 2024ko irailean, 180 langiletik 60ri lan baldintza ezberdinak aplikatzen zaizkie, horrek dakarren diskriminazioarekin.
Negoziazio mahaia irekitzearekin batera, ELAk, CCOOk eta ESK-k bi aldarrikapen nagusi plazaratu zituzten. Alde batetik, enpresako akordioa langile guztiei aplikatzea. Bestalde, soldata igoerak 2022tik izatea (enpresako hitzarmenaren eraginpeko langileek ez dute ordutik soldata igoerarik izan). Alegia, langile guztiek lan baldintza berdinak izatea eta erosahalmena ez galtzea eskatu zioten enpresari.
Negoziazio mahaian eskaera horiei erantzuten zieten proposamenik ez zegoenez, ELA-CCOO-ESK sindikatuek astebeteko greba egin zuten 2024ko maiatzean eta greba mugagabea deitua zuten irailaren 16tik aurrera. Testuinguru horretan, Gizatzen enpresak eta ELA sindikatuak Donostiako Udaleko azpikontratatutako langileen lan baldintzak arautzen dituen aurreakordioa sinatu dute gaur.
Hobekuntzak eta bermeak
Akordioak 2023-2028 indarraldia izango du eta edukiak bermatzaileak dira. Hitzarmen berriak inaplikazio klausula eta ultraktibitatea klausula barnebilduko ditu, hitzarmena aplikatzeari uztea galarazteko eta hitzarmena berria sinatu ezean, egun sinatutako hitzarmenaren aplikazioa ziurtatzeko.
Soldata eskala bikoitzarekin dagokionez, 2025. urtetik aurrera amaituko da. Momentu horretan langile guztien lan baldintzak berdindu eta konpentsazio paga bat jasoko baitute diskriminatutako langileek.
Soldatei dagokienez, %27ko soldata igoera lortu da. Igoera horri esker, sektore maskulinizatuekiko dagoen soldata arrakalarekin amaitzeko pauso garrantzitsua eman da. Bestalde, jubilazio partzialak eta lanpostu hutsak arautzeko ere akordioa lortu da.