Azpikontratatutako osasun-garraioko langileen txertaketa eskatzeko mobilizazioak

2021/02/16
ELA, LAB, UGT, CCOO, USO eta CNT sindikatuek mobilizazioa deitu dute otsailaren 17an, goizeko 11etan, Donostiako Ospitalean, Eusko Jaurlaritzari eskatzeko Osakidetzak azpikontratatutako osasun-garraioaren sektoreko osasun-teknikariak txertoa jartzeko eta babesteko, eta, aldi berean, ohartarazi dute Administrazioak ez duela jokabide hori onartuko.

ELA, LAB, UGT, CCOO, USO eta CNT sindikatuek salatu egin dute Eusko Jaurlaritzak txertatze kontuan azpikontratetan diharduten garraio sanitarioko langileekiko agertu duen jokabide iraingarri eta umiliagarria, eta Osasun sailari galdegin diote errespetuz jokatu eta berdintasunezko tratua eman diezaiola kolektibo honi; izan ere, nahiz eta lehenengo lerroan dagoen, administrazioak tratu txarra ematen dio.

Euskal osasun sisteman lehenago ere gertatu izan da anbulantzietako langile azpikontratatuak abandonatuta eta baztertuta geratzea. Osakidetzako plantillako langileek, anbulantzietakoek barne, dagoeneko hartu dute txertoa; haatik, anbulantzietako langile gehienei (azpikontratatuei, guztirako kopuruaren %99ari) ez zaie eman, eta ez dakite hori noiz izango den.

Kolektibo honek ikusten du babesik gabe dagoela, eta nazka-nazka eginda dago anbulantzia zerbitzua azpikontratatzeko politikaren ondorioekin. Osakidetzaren ikusmoldean 1.500 profesional sanitario hauek bigarren edo hirugarren mailako langileak dira, eta onartu ezineko tratua ematen die, erabateko konpromiso soziala agertu duten arren.

Bizi-Euskarri Aurreratuko, Oinarrizko Bizi-Euskarriko eta Garraio Programatuko anbulantziek egunero makina bat pertsona eraman eta ekartzen dute Covid-19a dela eta; sarri baldintza eskasetan eta kutsatzeko arrisku handiz.