Gasteizko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua
Aztertzen enpresak 20.000 euro inguru ordaindu beharko dizkie ELAko 10 afiliaturi

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi egin du Gasteizko Lan Arloko Epaitegiaren epaia, Aztertzen Servicios Asistenciales SL enpresa, 2020an Gasteizko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren esleipenduna, ELAko 10 afiliaturi ia 20.000 euro ordaintzera kondenatzen duena, %20ko errekargua ezarriz eta epaiketaren kostuak ordainduz.
ELAk aurkeztutako demandak Covid-19aren pandemia garaian etenda egon ziren zerbitzuengatik afiliatu horiek jaso ez zituzten zenbatekoak eskatu ditu.
ELAk oso positibotzat jo du epai hori. Alde batetik, sektore feminizatu eta prekarioko kide diren langile hauek ahaldundu egiten direlako. Eta bestetik, pandemia aitzakiatzat hartuta, enpresa honek egindako botere gehiegikeriei muga jartzen dielako. Sektorerako gutxiengoan sinatutako hitzarmena nahikoa ez bada ere, ELAk Arabako ELZren baldintzak defendatzen eta duintzen jarraituko du.