Babcock-eko zuzendaritzarekin duten bileran ELAk ez du espero emaitza positiborik

2005/09/08

Eusko Jaurlaritzako lan sailaren bitartez, Babcock-eko zuzendaritzarekin hurrengo astelehenerako deitu den bileraz, ELA Metala federazioak ez du emaitza onik espero. Federazioaren ustez, enpresak bizi duen krisi egoeran zuzendaritzak duen ardura estaltzeko balio du bilera honek, batez ere zuzendaritzak hartutako konpromisoak bete ez dituelako.

ELA Metala federazioak Babcock Power Españako zuzendaritzak deitutako bilerara ez joatea erabaki du, ez baitago inolako bermerik krisiari irteera bilatzeko langileek duela hilabete asko eskatzen ari diren neurriez hitz egiteko. ELAren sekzio sindikalak jarrera hau defendatu du Enpresa Batzordearen aurrean, halere bere odezkaria bileran egon beharko du Batzordearen gehiengoak hala erabaki duelako.

2003an SEPIk ATB taldeari Babcock-eko jabetza eman zionetik ez da inolako industri planik aurkeztu. Honela hartutako konpromisoak bete gabe utzi ditu ATBk.

ELAk berriz ere eskatzen dio bai zuzendaritza bai gobernuari ATBren irteera akziodunen taldea berriz osatzeko. Asmoa enpresa fidagarriei sarrera ematea da, enpresaren itxieraren arriskua ekiditeko, 2006an SEPIren babesa amaitzen delako eta enpresaren aktiboak 100 milioi euro baino gehiagokoak direlako.