Babes sozialerako sistema propioa posible eta beharrezkoa da euskal herrian, ELA eta LABen agiria

2004/03/09

Zenbait komunikabidetan aditu batzuen iritziak agertu zaizkigu, eta dirudienez, zalantzan jarri dute pentsioen euskal sistemaren bideragarritasuna. Hurrengo hauteskundeetan parte hartuko duten alderdi politiko batzuek iritzi hauek puztu dituzte eta alarma pizten saiatu dira. ELA eta LABen ustez horrek ez dauka zentzurik eta ez du benetako egoera islatzen. Honi dagokionez ELA eta LABek honako hausnarketa hauek ageri dituzte:

1- Gaur egungo pentsio sistemak Euskal Herrian superabita dauka. EAEko Ekonomia eta Gizarte Kontseiluaren 2002ko memoriari begiratzea besterik ez dugu. Honen arabera, erkidego honetan pentsioen sistemaren urteko superabita 200 milioi eurokoa baino handiagoa da (30.000 milioi pezeta baino gehiago). Superabit hau handiagoa izan zitekeen, kotizazioei egotzi ez balitzaie pentsioen minimoen osagarriei dagokien gastua. Izan ere, osagarri hauek zergen bidez finantzatu beharko lirateke eta ez kotizazioen bidez.

INEMek ere superabita dauka, langabezia finantzatzeko kotizazioek urtean 400 milioi eurotan gainditzen baitituzte prestazioak ( ordaindutakoaren araberako prestazioak zein asistentzia-subsidioa).

Kontua da, gaur egun Gizarte Asegurantza eta babes sozialerako gainontzeko sistemaren superabita (600 milioi euro baino gehiago urtean) beste gastu publiko batzuk finantzatzeko erabiltzen ari dela; Erreserba Fondora zuzendu beharrean, exijitu beharko litzatekeen legez.

2- Gizarte Asegurantzaren bideragarritasun eza eta berehalako porrotaren gaineko mezuak areagotu dira azken hamarkadotan. Hala ere:

-

Denborak ez du porrotaren mehatxua egiaztatu. Duela hamar urte pentsioen sistema publikoa 2010ean ezin izango zitekeela finantzatu iragartzen zutenek, gaur egun, krisia 2025ean edo 2040an izango dela diote.

-

Gastu soziala, defizita, murrizketa eta pribatizazioekin erlazionatzeko interesa susmagarria da. Hala ere, badaude beste atal batzuk zalantzarik gabe defizita sortzen dutenak (justizia, polizia edo azpiegiturak, besteak beste). Hauetan ez da murrizketarik proposatzen. Arazoa ez da zerbitzu publiko batek defizita sortzen duen edo ez, baizik eta zein gastu publikori ematen zaion lehentasuna; aukeratzea edo borondate politikoa besterik ez da.

-

ELA eta LABen lehentasuna egungo babes sozialerako sistema hobetzea da. Horretarako, kontu hauek euskal esparruan erabaki daitezen beharrezkotzat jotzen dugu.

3- Egunotan ezagututako ikerketei dagokienez:

-

Fidagarritasuna lortu nahi diren helburuek baldintzatuta dago. Gainera, ikerketa batzuetan, Mikel Buesak "Espainia ez denaren kostua"ren gainean zuzendutakoa kasu, zehaztasun teknikoa benetan tamalgarria da eta komunikabideetan izan duten garrantziak, oportunismo politikoa baino ez du helburu.

-

EAEko gobernuak eskatutako ikerketari dagokionez eta komunikabideren batean agertu dena, aurreikuspen sozial eta osagarriaren planak hedatzeko asmoa duen lana da. Orientabide honek eragina izan du zalantzarik gabe lanaren hipotesi eta aurreikuspenetan. Ikerketa honi buruz honako ohar hauek egin daitezke:

a) 20 edo urte gehiagoko epeaz ari denean, oso garrantzitsua da kontuan izatea dauden aldagaiak (hazkunde ekonomikoa, enpleguaren bilakaera, kotizazioena, e.a). Hauek zalantzarik gabe emaitza baldintzatzen dute. Ikerketak ez du azaltzen zein hazkunde, enpleguaren bilakaera, soldaten eboluzio hipotesi erabili diren; eta hori susmagarria da.

b) Ikerketak berak egoera ezberdin batzuk hartzen ditu bere baitan eta aipatu aldeetan zehazten ez diren arren, oso emaitza ezberdinak ematen dituzte (defizitaren igoeratik ia minimoa den defizit batera). Horrek erakusten du egiten diren hipotesien arabera, emaitza oso ezberdina dela.

c) Inolako hipotesian ez dira ordaindutakoaren araberako prestazioak ez direnetatik banatzen. Horrek pentsiorako kotizazio eta pentsioen gastuaren arteko diferentziaren emaitza determinatzen du.

d) Ez dira kontuan hartzen Erreserba Fondoaren kopuruak, ezta aurreko urteetan sor zitekeena.

4- ELA eta LABek babes sozialerako sistema propioa ekonomikoki posible eta beharrezkoa dela diote. Horretarako, erabateko ahalmen legegileak izan behar dira, babes sozialerako politika propioa garatzeko. Horrela, pertsona guztientzako bizimodu duin autonomoa eta kalitatezkoa bermatuko litzateke.

5- Azkenik, ELA eta LABek hain serioa den eta jendartean eragina duen beldurraren estrategia salatu nahi dute. Ez enpleguak ez babes sozialak ez dute merezi horrela tratatu izana hauteskunde-prozesuan. Beldurra botoen truke aldatzea zitalkeria hutsa da. Hau erabiltzen dutenak, egunero Euskal Herrian gure erabakiak har ditzagun eragozten saiatzen direnak dira; babes sozialean nahiz beste arlo batzuetan.