Babes zabala jaso du "Ez zanpatu eskubiderik. Konponbideari eutsi" lelopean antolatutako mobilizazio sindikalak </h1

2006/12/14
Ibaetako Foroko sindikatuek deituta, 1500 lagunek bat egin dute "Ez zanpatu eskubiderik. Konponbideari eutsi" lelopean burututako mobilizazio sindikalarekin. Goizean ekitaldia Bilboko Ayala Antzokian izan da; ondoren Espainiako Gobernuaren ordezkaritza aurretik igaroz Justizia Jauregiraino burutu da manifestazioa.

Ekitaldiaren leloa “Ez zanpatu eskubiderik; konponbideari eutsi” izan da, eta bertan izan dira Jose Elorrieta eta Rafa Díez, gainontzeko sindikatuetako arduradunekin batera.

Mobilizazio honen bitartez Ibaetako Foroko sindikatuek “gaurko egoerak euskal langileen eta, oro har, euskal herritarren artean piztu duen kezka” azaldu nahi dute. “Zortzi hilabete beranduago, ez dugu ikusten konponbidearen aldeko hautuak behar adinako indarrik hartu duenik: aldiz, prozesuaren aurkako faktoreak indartzen” ari direla diote.

Sindikatuok diotenez, alde batetik, “gure herriari irtenbide demokratikoa ukatzen ari zaio: batzuk, modu iraingarrian, arazo politikorik dagoenik ere errefusatu egiten dute; eta askok euskal herritarroi geure etorkizuna, demokratikoki erabakitzeko aukera oro ukatzen digutela”; bestetik azpimarratzen dute “giza eskubideen eta oinarrizko eskubide zibil eta politikoen aurkako eraso latzak gertatzen ari direla”.

“Baina, egoera gogorra delarik ere, ez dugu onartzen aukera alferrik galtzen uzterik, ez eta etsipenaren aurrean amore ematerik,” asko baita partida honetan jokatzen duguna, herritar eta herri gisa”.

ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE, ELB eta HIRU sindikatuek Ibaetako Foroak azkenaldian egindako salaketekin bat egiten dute, “egoera politiko berrian Estatuak jardun errepresiboak ez baitu etenik izan”. Egoera honetan gogoratu nahi dute:

- Euskal preso politikoen eskubideak ez dira aintzat hartzen (sakabanatze politika, gaixotasun larriak dituzten presoen egoera, kalean egon beharko luketen 160 presoei arbitrarioki luzatutako kartzelaldia...).
- Aurreko Espainiako agintaldian PPk eta PSOEk adostutako Itun Antiterroristaren epelean atondutako muntai politiko-judizialek epaitegietan jarraipena daukate.
- Alderdien legeak eta alderdi politikoen aurkako neurri judizialek parte hartze politikorako aukera ukatzen diote gure gizartearen zati bati.
- Akusazio berriak asmatu dira (Iñaki de Juanarekin gertatu bezala), edo epaitegien irizpideak aldatu (Parot doktrina), euskal presoei, de facto, bizitza osorako zigorra ezarri ahal izateko.

Agiria sinatzen duten sindikatuok argi daukate “errepresioak eta bortxak ez dituela arazoak konponduko, areagotuko baizik”. Horregatik, eragile guztiei eskatzen diete “soluzioen aldeko hautua egin dezatela, eta ganoraz, zintzotasunez eta bete-betean hel diezaiotela konponbidearen aldeko lanari. Konponbidearekin asko dugu eta, irabazteko; galtzekorik besterik ez, ordea, irekitako prozesuaren porrotarekin”.

Horregatik, zera eskatzen dugu:
- Eskubideen aurkako legeak, epaiak eta erasoak alboratzea.
- Eten dadila, behingoz, euskal presoen aurkako erasoa eta bere eskubideak aintzat hartuak izan daitezela:
*Gaixotasun larriak dituzten presoak aske utziz.
*Zigorra bete arren, preso jarraitzen duten pertsonak kaleratuz.
*Dagozkien eskubideen jabe, euskal presoak euskalerriratuz.


Hau da Jose Elorrietak Ayala antzokian irakurri duen testua