Balzolako batzordeak ordaintzeke dauden soldatak ordaintzeko exijitu du, eta eraikuntzako enpresa porrotera bideratzea leporatu dio zuzendaritzari

Batzordeak kritikatu du, enpresa aurrekonkurtso egoeran egon den lau hilabeteetan zuzendaritza irtenbideak bilatzen saiatu beharrean enpresa deskapitalizatu izana, eta era berean, uste du fede txarrez jokatzen ari dela borondatezko hartzekodunen konkurtsorik ez aurkezteagatik. Gobernuak pandemiaren ondorioz ezarri duen luzapena aitzakia hartuta, prozesu guztia luzatzen ari da, eta langileak, azpikontratak zein hornitzaileak ari dira ordainsari ezaren agonia jasaten.
Balzolako zuzendaritzari konponbideak berehala eskatu dizkio batzordeak, baita ordaintzeke dituen soldatak ordaintzeko ere. Azkenik, enpresa porrotera bultzatu duen kudeaketa txarraren erantzule egiten dute zuzendaritza.
Construcciones y Promociones Balzola SA 1989an sortu zen, eta ordutik erreferentziazko enpresa izan da Bizkaian – eraikuntza publikoarekin oso lotua egon da. Lan esanguratsu ugari egin ditu, Guggenheim, Paraninfo UPV, Metro Bilbao, AHTko zenbait zati eta Iberdrola Dorreko akaberak, besteak beste.