Bankak etekin oparoak lortu ditu 2014an, sektoreko enplegua aldiz gainbehera joan da nabarmen
Azken aste hauetan bankaren 2014ko ekitaldiko emaitza-kontuak ezagutu ahal izan ditugu. Bost banku nagusiek (Santander, BBVA, Popular, Sabadell-Guipuzcoano eta La Caixa) 9.756 milioi euroko mozkinak lortu dituzte, hau da, %27,1 gehiago aurreko ekitaldian baino.
Herritar gehien-gehienek, eta langile-jendeak orokorrean, ura kokotsaren parean duen egoera honetan —soldata txikiagoak, eta murrizketak zerbitzu publiko eta sozial guztietan dituztela—, bankak eskandaluzko etekinak, lizunak, lortu ditu. Ekonomiaren eta finantzen elitean daudenentzat, banka handirentzat ez dago krisirik. Krisiaz baliatzen dira soldatak jaisteko, enplegua prekarizatzeko eta zerbitzu sozialak murrizteko.
Banku horietako langileek bertatik bertara jasan behar dute egoera hori. Soldatak, azken urteotan, jaitsi dira modu errealean; baina bankako elite bizkarroiak etekinak eurrez jaso ditu.
Lau banku nagusietan (Santander, BBVA, Sabadell-Guipuzcoano eta Popular) enpleguak 2010-2014 urtealdian egin duen bilakaera aztertuz gero, enpleguaren gainbehera nabarmena ikus daiteke. Erakunde horiek, Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan, 1.400 langile inguru gutxiago dituzte; bestela esanda, lau bankuetako enplegua %23 baino gehiago gutxitu da. Ondorio gisa atera daiteke banka handiko enpleguaren beherakada zuzenki proportzionala da banka bereko etekinen gorakadarekiko. Eta leher eginda dauden plantilla horiei ahaleginak eskatzen jarraitzen dute, soldatak eta enplegua murriztuz eta aparteko orduak sartzera “behartuz”, inolako konpentsaziorik gabe. Enplegatu gutxiago, soldata txikiagoekin, eta lan handiagoa, emaitza-kontuak gizentzearren.
Enplegua urritzea ez da lau banku handi horien aparteko ezaugarria, orokorra da sektorean. Euskal Herriko erakunderik handiena Kutxabank da, eta 2011-2014 urtealdian enplegu garbiko 1.100 lanpostu kendu ditu Euskal Autonomia Erkidegoan, eta lan-baldintzak murriztu, soldatak ere barne; beti ere Bankako elite bizkarroiaren sindikatu belaunikatuen ontzat emanarekin, abian den pribatizazio-prozesuan sorturiko fundazioetako besaulkietan eserita egotearen trukean.
Egoera horrelakoa izanik, eta “konpentsaziorik gabeko lanaldien borondatezko luzapenak” ikusita, ELAk salaketa-kanpaina bati ekingo dio; zeren bankuetako jarrera horrek eraso egiten die enpleguari eta bankako langileen familia-kontziliazioari, lanaldiak leher eragitekoak baitira; eta gainera iruzurrezkoa da, ezkutuko ordu horiengatik ordaintzen ez dutenez kotizatu ere ez baitute egiten. ELAk sustaturiko kanpaina horren eslogana hauxe da: “Prolongación de jornada: Que no te absorban la vida; Lanaldiaren luzapenarekin: BANKA GARAILE”
Hori horrela ez da harritzekoa bankariak “pozarren eta gogobeterik” egotea. Egindako adierazpenak ezin argiagoak dira. Banco Santanderko eta BBVAko buruak bat datoz ekonomiaren erabateko aldaketarekin, beren erakundeen etekinak bitsa bezala puztu baitira, eta bultzatu egiten dute gobernua bide beretik jarraitzera. Estatu espainolean langabezia-tasa %25 ingurukoa da, milaka herritarrek galtzen dute etxea hipoteka ordaindu ezinik, gizarte-jantokiak gainezka daude jatekorik ez duen jendeaz; eta Botin eta Gonzalez, aldiz, bozkarioz zoratzen. Haiek eta haien klasekoak ez daude krisiaren eraginpean. Haiek bankako elite bizkarroiak dira, haiek gero eta pobreagoak diren herritarrengandik ateratzen dituzte etekinak, haien diru-goseak milioika pertsonengan eragiten duen sufrimendua bost axola zaie.
Eta, hala ere, gehiago nahi dute. Gonzalez jaunak, egia esateko ateraldi batean, zuzentzen duen erakundearen emaitzak emateko agerraldian, aste honetan bertan, zera esan du: “Gobernu egonkor bat izatea ezinbestekoa da Espainiarentzat. Berdin dit gobernua zein den, baina gobernu egonkorra izan behar da. Populismoak ez dabiltza”. Gobernuak, edozein ere den, beren interesen esanetara egon behar dira, bakan batzuen esanetara, gizartearen bizkarroi izaten jarraitzeko. Bankako elite bizkarroiaren diru-zaletasuna eta metatze-gogoa aseezina da.
ELAtik egoera hori salatu, salatzen eta salatuko dugu. Gutxiengo txiki baten interesek ezin dute baldintzatu, ez lukete baldintzatu beharko, gehiengo zabal baten bizimodua. Gizarte zuzenago eta bidezkoago baten alde lan egin behar dugu, non bakan batzuen metatze grinak ez dakarkien gainerako guztiei hondamendia. Gure lan egiteko funtsezko ardatza aberastasuna birbanatzea izan behar da, herritar guztiok duintasunez bizi izatea izan dezagun.