Bankuei dirua emateak gero eta jende gehiago diruz larri ibiltzea ekarriko du

2012/07/10
Uztailaren 9 eta 10ean izan zen Eurotaldearen bilerak berretsi egin du ELAk hilabete lehenago izan zen bileraren ostean esan zuena: Hau ez da erreskate bat, amildegirako bultzakada baizik. Bi bileretan erabaki dena (diotenez, gehiago zehaztu beharko da uztailaren 20an) oso larria da, aldez zein moldez. (Euskarazko bertsioa albistean bertan dago entzungai)

ELAren balorazioa (bideoa)

Erabiltzen ari diren prozedura ez da demokratikoa. Demokraziaren mamia gardentasuna, egiazko informazioa eta eztabaida sozial zein politikoan datza. Eta Europako Batasunean hain zuzen kontrara jokatzen da. EBko gobernuak bat datoz murrizte politikak ezartzen jarraitu behar delako borondatean, eta gezurretan oinarrituta agintzen dute. Ez dago informaziorik, desinformazioa baizik (oraindik ez dakigu Espainiako gobernuak 100.000 milioiko mailegua jasotzeko zein konpromiso hartu duen). Behin eta berriz esan digute kreditua bankuei emango zaiela, baina hau goitik behera gezurra da: mailegua gobernuarentzat da, eta beronek interesekin itzuli beharko du, baina interes horiek zenbatekoak izango diren ez dute jakinarazi. Iluntasuna, informazioaren ordez. Eztabaida sozial eta politikoa, berriz, elite batek bahituta dauka (finantza-ministroek eta gobernuburuek, alegia); Bruselak inposatzen omen dituen erabakiak eurek hartzen dituzte, ezkutuan eta jakinaren gainean. Eurek erabakitzen dute gauzak noiz azalduko dizkiguten. Eta iaz Konstituzioaren aldaketarekin gertatu zen bezala, oporraldia ere baliatzen dute. Beste garai batzutan bezalaxe.

Emaitza begibistakoa da: helburuak (hots, murrizketek) bitartekoak zuritzen ditu (prozedura demokratikoak saihestea). Estrategia honekin herritarrak lokartzea nahi dute, alternatibarik ez dagoela sinetsarazi. Operazio antolatu bat dugu hau, ezin larriagoa.

Erabakiak piskanaka ezagutzen ari gara. Hauek dira xehetasun batzuk:

· Berretsi egin dute mailegua gobernuari emango diotela, ez bankuei. Mailegua Bankuen Berregituratze Ordenaturako Funtsak (FROB) jasoko du, hots, Espainiako gobernuaren funts publiko batek; horrenbestez, zor publikotzat joko da.

· Finantza-sektoreari baldintzak ezarriko zaizkio: batetik, sistema osoari eragingo diote, eta FROBetik dirua jasotzen duten erakundeei eskari gehigarri batzuk ezarriko dizkiete (bonus eta dibidendoen politikari, aktibo eta bulegoen salmentari eta kaleratzeei dagokienez, etab.).

· Gobernuaren politika publikoak ere baldintzatu egingo dituzte. Espainiar gobernuko arduradunek kontrakoa esan duten arren, maileguen truke zerga-, gizarte- zein lan-politika aldatu beharra izango da. Eurotaldeak bere komunikatuan berariaz aipatzen ditu maiatzaren 30ean Europar Kontseiluak onartu zituen Gomendioak, besteak beste defizit publikoa areago murriztea, gizarte-kotizazioak jaitsi eta BEZ zein beste zeharkako zergak igotzea, pentsioak gehiago murriztea, erreforma laboral gehiago, etab. Rajoyren gobernuak iragarri duenez, hauetako neurri asko berehala ezarriko dituzte.

· Epekako mailegua izango da. Gobernuari 100.000 milioietatik uztaila amaitzerako 30.000 emango dizkiote. Gainerakoa, etorkizunean, ezarritako baldintzak bete ahala. Hots, egin beharrekoa eginez gero, Espainiari kreditu gehiago emango diote; bestela, ez. Mailegua murrizketa gehiago ezartzeko baldintzapean izango da, Grezia, Portugal edo Irlandan bezala.

· Dirua bankuei emango diete, baina berreskuratzeko esperantza handirik ez dago. Bankiari 23.500 milioi euro eman nahi dizkiote. Zentzuzko inork ez du uste izango diru hori berreskuratuko denik. Uztailean gobernuari 30.000 milioi ematearen arrazoia Bankiaren zuloa da.

· Gainera, interesak itzuli behar dira, urtean 4.000 milioi euro inguru. Interesa %4 izan liteke, hots, Europako Banku Zentralak (EBZ) joan den abenduan eta otsailean bankuei emandako bilioiaren gaineko %1 baino askoz garestiagoa.

· Espainiar estatuan esku-hartze bat izango da. Aurrerantzean, Europar Batzordeak, EBZk eta Nazioarteko Diru-Funtsak (NDF) hiru hilero epaituko dute gobernuaren eta finantza-sistemaren jokabidea. Behatzeko eta kontrolatzeko ahalmenak izango ditu, eta horrenbestez, subirania galera handia Espainiarentzat. Guztia, bankuak salbatzearren. Ez du merezi.

Honetatik atera daitekeen zenbait ondorio:

· Espainiar estatuan ezartzen ari diren murrizte-politikak herritarrei pobretze orokorra dakarkie, eta politika hori datozen egun eta asteetan areagotuko egingo da. Politika honekin atzeraldia areagotzen ari dira, langabezia gehitzen, gizarte-babesa murrizten eta gero eta jende gehiagok hil amaierara iristeko zailtasunak izatea eragiten dute. BEZa gehitzea edo pentsioak nahiz langabezia-prestazioak murriztea politika bidegabeak dira; krisia beraren ardurarik ez dutenei ordainarazten diete.

· Politika honen oinarria manipulazioa eta gezurra da. Herritarrei erabaki antisozial hauek ezartzeko moduarekin demokrazia hondatzen da, benetako informaziorik eta eztabaida sozialik ez baitago; bitartean, bankuetara dirutza publikoa bideratzen da.

· Bankuen esku halako diru kopuru izugarriak jartzea injustua da, eta ez morala. Bankariak salbatzen dituzte, herritar gehienen ongizatearen lepotik.

· Europa eraikitzeko eredua antisoziala da, eta kutsu hau areagotzen ari da; ELAk hau arbuiatu egiten du. Salatu beharra dago norabide horretan joateko akordio politiko bat egin dutela. Horren adierazgarri, Europar Batasuneko azken Ituna nola berretsi zen, joan den ekainaren 21ean espainiar Kongresuan: aldeko botoa eman zuten PPk, PSOEk, EAJk eta CiUk. Halako eztabaida garrantzitsuak izan duen oihartzun txikia ere nabarmentzekoa da.

· Espainiar estatuan gertatzen denak Grezia, Portugal edo Irlandaren antza gero eta handiagoa du. Betiere, estatu horietan ezartzen ari diren politiken ondorioak ezin okerragoak dira. Onuradunak badira, ordea: soldatak eta gizarte-babesa murrizteekin edo zerbitzu publikoak pribatizatzearekin aberasten direnak. Agintariek azaldu egin beharko lukete zergatik ari diren gutxiengo boteretsu batentzat lanean.

· Haatik, alternatiba badago, eta hau krisiarentzako irtenbide justua litzateke: murrizketarik ez aplikatzea eta zerga- zein gizarte-politikak errotik aldatzea. Politika horrek logika neoliberal eta kapitalistari aurre egitea eskatzen du, baita botere ekonomiko eta finantzarioari ere.

· Politikak aldatzeko bide bakarra daukagu: salaketa eta mobilizazioa.