Barakaldoko Transportes y Grúas Lomax enpresako greba amaitu da akordioa lortu eta gero

2023/01/24
Langileek akordioa itxi dute Barakaldoko (Bizkaia) enpresako zuzendaritzarekin lau eguneko grebaren ostean. Orain arte enpresak ez zuen 2023ko egutegia eta ordutegia negoziatu nahi izan, nahiz eta langileek uztailetik elkarrizketa eskatu.

2023ko egutegiaren eta ordutegiaren negoziazioa eskatzen hilabeteak igaro ondoren, Transportes y Grúas Lomax enpresako langileek akordio bat lortu dute egin duten lau eguneko grebari esker.

Enpresarekin itxitako akordioak amaiera ematen dio grebari, eta zehazten du hitzarmenak ezartzen duen 1.724 orduko lanaldia errespetatuko dela, eta astelehenetik ostiralera 7 ordu eta 45 minutuko lanaldietan banatuko dela. Era berean, lanera sartzeko eta lanetik irteteko ordutegia negoziatu da, eta larunbatetan lana egonez gero, boluntarioek beteko dute, eta, nolanahi ere, aparteko 8 orduko lanaldia izango da. Akordioa indarrean egongo da beste bat lortu arte.