Barcinaren gobernuak aurkeztutako aurrekontuak arazoak handituko ditu
Lourdes Goikoetxea Kontseilariak gaur goizean CESaren bileran Nafarroako Gobernuak 2014rako Aurrekontuen eta zenbait zergen aldaketen aurreproiektuak azaldu ditu.
ELAk aurrekontu hauek gaitzetsi ditu inongo gardentasunik gabe egindakoak baitira, inolako partaidetzarik gabe. Goikoetxea kontseilariak pasa den ostiralean, azaroak 8, bidali zuen aurreproiektua, eta azaroaren 12rako deitu CESa, non bakoitzak bere iritzia eta balorazioa eman behar duen, aurrekontua bera aztertzeko denborarik eman gabe beraz. Gobernuak ere ez du CESean egindako ekarpenak eta kritikak aztertzeko denborarik hartu, egun gutxi barru Parlamentura eraman behar baitu aurreproiektua. Honek guztiak Gobernuak herritarren iritziari ematen dion garrantzia erakusten du, bat ere ez.
ELAk adierazi du aurreproiektu honek porrot egin duten politikekin jarraitzea suposatzen duela, gauden giza-hondamendi egoerara eraman gaituzten politikekin. Aurrekontu honek murrizketa gehiago ekarriko ditu, eta babes soziala gutxitzea. Izan ere, 2014ko aurrekontuak 2009ko gastu publikoa berdintzeko, 944,2 milioi euro gehiago gastatzea aurreikusi beharko luke.
Hau guztiagatik, ELAk modu antidemokratikoan eginiko aurreproiektu hau atzera botatzeko eskatu du, eta aurrekontu politikan eta politika fiskalean erabateko aldaketa ematea exijitu, krisiari irtenbide soziala emateko.