Barcinaren Gobernuak diru-laguntzekin saritu du UGT, CCOO eta CEN-en arteko ekainaren 4ko hitzarmena
Hala ere, pasa den ekainaren 20an, UGT-CCOO-CENen arteko hitzarmena eta bi astera, Nafarroako Gobernuak jakinarazi zuen Nafarroako Aurrekontuek bere gain hartuko zutela Enplegu Ministerioak enplegu politikarentzako agindutako murrizketa. Hasieran, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak 66,2 milioiko aurrekontua zuen aurtengorako, eta horietatik 29,1 milioi Estatuak emandakoak ziren. Alabaina, maiatzaren 24an, Ministerioak kopuru horren %54a bertan behera utzi zuen, hau da, aurreikusita baino 15,7 milioi gutxiago. Orduan, Estatuaren aurtengo diru-laguntza inoiz baino txikiagoa izanen da, 13,4 milioikoa.
Gauzak horrela, eta prentsan iragarritako zantzua betez (UGT-CCOO-CEN-en hitzarmenak “balioko du aurtengo aurrekontuen 20 milioiko atalari bidea emateko, beti ere hiru erakunde horiek kudeatzen dituzten enplegu politikoetara bideraturik”, Diario de Navarra, 2012-VI-5, editoriala, 12. orr.) pasa den ekainak 20an, Barcinaren Gobernuak ezagutzera eman zuen 14,1 milioiko konpentsazioa, Ministerioaren murrizketak UGT, CCOO eta CEN-eri sortutako kalteak saihesteko ahaleginean. UPNk eta PSNk maiatzaren 11an sinatutako Ekonomia Dinamizatzeko Plana deritzonak ondorengo agindua luzatzen zuen bere lehenbiziko atalean: “Elkarrizketa sozialaren bultzada, hitzarmen intersektorial baten bidez”. Bistan denez, UGTk, CCOOk eta CEN-ek oso modo zintzoan -hiru astetan, hain justu- bete dute Barcinaren Gobernuak agindutakoa.
UPN-ren Gobernuak 132 milioiko murrizketa itzela inposatu zuen pasa den ekainaren 20an, aipaturiko enplegu politikoentzako beste 14,1 milioi bideratu zituen egun berean. Aldiz, egun berean ere, Menpekotasun arloan (gizarte politikak) Estatuak agindutako 5 milioiko murrizketaren aurrean “ez zegoela ezer egiterik” iragarri zuen Nafarroako Gobernuak. Datu hau oso adierazgarria da Barcinaren Gobernuen lehentasunak zein diren jakiteko: Hezkuntzan eta gizarte gastuetan 132 milioi gutxiago egonen direla iragarri zuten egun berean, ez zuten Menpekotasunean Estatuak agindutako murrizketa konpondu, baina bai presaka ibili ziren Nafarroako Aurrekontuen 14,1 milioi gehiago jartzeko erakunde jakin batzuen mesedetan.
ELAk azpimarratzen du enplegurako politikak eta formazioa oso garrantzitsuak direla lan munduan eragiteko ahaleginean. Are gehiago, ELAk uste du arlo publikoak kudeatu beharko lituzkeela, azpikontrataziorik edo esleipen zuzenik gabe: hauen bidez ematen den diruak erakunde jakin batzuentzako finantziaziorako besterik ez duelako balio. Horren truke, elkarrizketa soziala deritzon horretan parte hartzen dute, beti ere lan munduko bakea bermatzeko, murrizketen eta gatazken bolada honetan bateragaitza bada ere. Eredu honen porrota oso agerikoa da langabeziaren gorakada eta urte luzezko elkarrizketa sozialaren emaitza eskasak ikusita.