BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Basalan enpresa publikoa zigortu dute ELAko ordezkari baten askatasun sindikala urratzeagatik

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Basalan enpresa publikoa (Bizkaiko Foru Aldundia) zigortu du ELAko ordezkari bati eta sindikatuari berari kalte ordainak ordaintzera askatasun sindikalerako eskubidea urratzeagatik.
Basalanek soldata kontzeptu bat deskontatu zuen ELAko ordezkari baten nominatik, eta Bizkaiko foru enpresetan ELAren ordezkaritza sindikalaren koordinatzaile gisa aritzeko ordu sindikalak erabili zituela alegatu zuen. Orain, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi du praktika horrek askatasun sindikalerako eskubidea urratzen duela, eta foru enpresa kondenatzen du langileari soldata osoa itzultzera, ordaindu gabeko soldatak ordaintzera eta pertsona horrentzako eta sindikatuarentzako kalte-ordainak ordaintzera.
Epaiak frogatutzat ematen du enpresako zuzendaritzak langileari kalte egin ziola sindikatu lana egitearren.
Epai horrek Basalaneko zuzendaritzaren praktika antisindikal eta antidemokratikoak erakusten ditu, eta hori larriagoa da izaera publikoko enpresa batean, haren zuzendaritza modu zuzenean izendatutako karguak baitira.
ELAk salatu du Euskal Herriko administrazio publikoak direla langileriaren oinarrizko eskubideen aurkako eraso neoliberalaren bultzatzaile, eta adierazi du sozialki onartezina dela enpresa publikoak jokabide antisindikal horien pean kudeatzea.
Horregatik, ELAk publikoki exijitu du Basalanen zuzendaritza berehala kargutik kentzea.