Basauriko garbikuntzako langileek greban jarraituko dute

2004/09/06

Udaletxearen menpe dauden erakikuntzen garbiketaz aritzen diren langileek greban jarraitzea erabaki zuten. Greba iragan urtarrilaren 13an hasi zen eta dagonekoz bederatzi hilabete bete dira grebari ekin ziotenetik.

Grebalariek alkatearen jarrera arroa salatu dute gaur goizean emandako prentsaurrekoan eta gogoratu dute euren errebindikaziorik nagusiena lan berdina egiten duten langileen soldata berbera jasotzea da ( 900 euro hileko).

Langileen komunikatua

Udalak ez du Basauriko biztanleriarengan eragina duen gatazka konpondu

Basauriko udal eraikinak garbitzen ditugun langileok greban jarraitzen dugu, ez FCC ezta Udalak ere, ez dutelako gure eskaria negoziatu nahi izan. Geuk, azpikontratatutako langileak izanagatik diskriminatuak ez izatea eskatu dugu orain arte.

Urtarrilaren 13an greba hasi genuenetik 9 hilabete pasa dira. Greba honetan lan bera egiten duten Udal langileen soldata berdina kobratzea eskatu dugu. Honek esan nahi du egun osoko lanaldia duenak hilabeteko 902 euro (150.000 pezeta) jasoko dituela, gaur egun kobratzen dituen 637 euroen (106.000 pezeta) ordez.

Hilabete hauetan beti ezezko erantzuna jaso dugu. FCCk dioenez, Udalarekin duen kontratuak ez dio negoziatzen uzten, udalak bestalde diskriminazio baldintzak mantendu nahi ditu gure soldaten bizkarrera dirua aurrezteko.

Gatazkari aterabidea bilatu beharrean, Basauriko alkatearen kezka grebalariak nola erasotu izan da. Negoziatu beharrean, salatu gaitu, gaizkileak bagina bezala Udaltzaingoa gu zelatatzen jarri du, gure pankartak kendu ditu, bilkurak debekatu ditu eta abar. Protesta bilkura Arizgoiti plazan jarraitzen duen bitartean eta eguraldi txarretik babesteko, karpa bat jartzea erabaki genuen. Hura debekatzea izan da alkatearen azken erabakia.

Bitartean Basauriko hiritarrok amorerik ez eman nahi izatearen ondorioak jasan behar ditugu:

Udalaren kirol instalazioak irikita daude, guztia ongi doanaren irudia emateko baina osasunarentzat baldintza arriskutsuetan. Sozial Antzokia duela hilabete asko itxi zuten. Kultur etxea normaltasuna isladatzeko irikita dago, baina zenbait alor itxita daude garbitasun ezagatik. Berdin gertatzen da erretiratuentzako egoitzekin. Ikastetxe publikoetan ikasturtea garbitasun arazo berdinekin hastera doa.

Antza denez guzti hau bost axola zaie alkateari eta bere gobernu taldea osatzen dutenei. Kezka handiagoa dute beraien soldata igotzen eta diskriminazio egoeran ez egotea eskatzen dugunoi zapaltzen.

Jasaten dugun egoera salatu eta greba amaitutzat emateko irtenbidea negoziatzea eskatzeko Arizgoitin mugagabeko bilkura egitea erabaki dugu.

Basauriko biztanlegoari deialdia egiten diogu gure portestarekin bat egiteko eta udal agintariei konponbidea eskatzeko.