Batasunaren ilegalizazioak salbuespen egoerara garamatza

2002/09/06
Indar soberanisten artean, gutxienezko akordioa beharrezkoa da egoera gainditzeko
* BATZORDE NAZIONALAREN KOMUNIKATUA (02-09-06) * German Kortabarria, ELAko bozeramalea, Nazio Batzordearen agiriaz “GUTXIENEKO AKORDIO BATEN PREMIA LARRIAN GAUDE" PPk eta PSOEk gauzatu dute azkenik Batasuna legez kanpo uzteko asmoa, eta estatuko fiskaltzarekin nahiz Garzon epailearekin batera erabateko erasoari ekin diote, ezker abertzaleko talde nagusiak ito nahiean-edo. Uztar beretik doazen PP eta PSOEren aldetik erabaki hau gauza jakina zen, joan den urteko maiatzaren 13an izandako porrotaren ostean. Piztu den giro larria ikusirik, ELAren Batzorde Nazionalak agiri bat zabaldu du, eta bertan egungo egoeratik irteteko indar abertzaleen lehentasunezko eginbeharra aipatzen du: Euskal Herria burujabetzarantz eramango duen gutxieneko akordioa lortzea, bitarteko eta helburuak zehaztuaz. ELAko bozeramale den German Kortabarriarekin hitz egin dugu agiriaren nondik-norakoak azal diezazkigun. –Zer ari da gertatzen? –PPk eta PSOEk bide politikotik bultza duten ilegalizazioa hasi besterik ez da egin, baina dagoeneko Garzonek bere kontu Batasunaren jarduna bertan behera utzi du hiru urterako, egoitzak itxi eta manifestazioak debekatzeko agindua eman du, ‘badaezpadako’ neurri legez –Egin ixteko erabakia ere kautelarra izan zen. Alabaina, hau ez da lehen saioa, lehen urratsa duela urte batzuk HBren Mahai Nazionaleko kide guztiak espetxeratzean egin baitzuten estatuko botereek, eta Garzonek 18/98 sumarioaren aitzakiaz hainbat pertsona eta erakunderen aurka egin dituen atxilotze eta espetxeratze agindu ugariak ere ildo beretik datoz. –Ondorioak ez dira gozoak izan. –Giro politikoa erabat gaiztotu da: erasoak, istiluak... Ertzaintza izan da epaileak EAEko Batasunaren egoitzak ixtera bidali duen polizia, eta honek tentsioa areagotu besterik ez du egiten, uda hasieran Legebiltzarrak eta Jaurlaritzak ilegalizazioaren aurkako borondatea adierazi baitzuten. –Zer itxura hartzen diozu oraingo egoerari? –Kezkatuta egoteko modukoa da, ilegalizazioaren ostean sektore politiko gehienek gauzak era saihestezinean etorriko direla onartzeko prest daudela dirudi-eta. Guk, ordea, beste zerbait diogu, gatazkari konponbidea ematekotan betiko ekintza-errepresio-ekintza eskema mekaniko eta lazgarritik harago joan beharra dagoela. Beste bide batzuk urratzeko aukera badago, baita gure herrian ere, duela lau urte Lizarra-Garaziko prozesu harekin frogatu zenez. –ELAk ezker abertzalearekin ez du harremanik hautsi, eta gainera sektore honekiko lankidetza aldarrikatzen du, baina zer nolakoa beharko luke? –Estatuaren erasoa baliatuta, ETAren ekintzak beste guztia itzaletan uzten du, eta hori ez da esparru komunak erdietsi ahal izateko egoera, inondik ere.Sindikatuak ekimenak beste indarrekin batera egitekotan diagnostiko eta estrategia politiko berbera izatea ezinbestekoa da. ELAk konponbiderako aukera bakarra ikusten du, bide politiko, zibil hutsari heltzea (itxuraz ilegalizazioarekin gobernu espainolak armen estrategia bultza nahi du). ELAk agirian dioenez, gutxieneko akordio hortan armak uztea beharrezko abiapuntua da. –Beste alderdi abertzale batzuri, erakundeetan agintea dutenei ere, eskatzen zaie jokabidea aldatzeko... –Bai, ELAk ikusten du –2001 amaitzean Kontzertuaren inposizioan, orain Batasunaren aurkako erabaki judizialak gauzatzerakoan– sektore politiko batzuren lehentasuna botere instituzionalari nola edo hala eustea dela, inoiz bera galtzeko arriskua ekar lezakeen edozertara ausartu gabe. Ez dugu uste hau jarrera politiko egokia denik, izan ere, indarrean den legeria inoiz saihestu ezin bada –esparru honetan beti Madrilek ezarriko digu–, ezta kasurik larrienetan ere, nork hartuko du gure herriaren defentsa bere gain? Batzorde Nazionalaren agirian argi geratzen da: legeria betetzea herritarren borondatearen gainetik jartzen duen erakundearenak egin du, bere suizidio politikoa esan nahi du. Eta honekin batera beste hausnarketa bat egin daiteke: Erakunde horiek, dioten moduan, estatuari aurre egin eta noizbait esparru juridikoa gainditu nahi badute, gizartea mobilizatu gabe posible dela uste ote dute? Gu ezezkoan gaude. Gizartea mugitu ezean ez dago zereginik.