Batasunaren ilegalizazioaren aurka

2002/05/10
Ekainaren 15ean, manifestaldia Bilbon
Hainbat pertsona ezagunek ekainaren 15erako manifestaldira deitu dute Bilbon alderdi politikoen legearen aurka. Jose Antonio Cestona ELAko militante historikoa eta azken kongresurarte idazkari nagusi ordea izandakoa, manifestaldira deitu duen kideetako bat da. MANIFESTU OSOA: Ilegalizazioarik ez Proiektu guztiak, ideia guztiak, pertsona guztiak Dokumentu hau aurkezten dugun pertsonek, "Alderdien Legea"ren eta Batasunaren balizko ilegalizazioaren aurrean, gure iritzia adierazi nahi dugu: 1. Idazki hau sinatzen dugunok iritzi eta jarrera ezberdinak ditugu gure herrian ezagutzen dugun bortizkeria-egoeraz, beronentzako hautabideaz edo gaurko marko politikoaz. Halaber, ilegalizazio prozesu hauek eragiten dituzten antolakundeak edo taldeen ideiak eta ekimenen inguruan iritzi edota balorazio ezberdinak ditugu. Aitzitik, koherentzia hutsez, uste dugu oinarrizko eskubideak eta askatasunen defentsak erabatekoa behar duela izan, koherentea, eta eskubide eta askatasun horiek gizaki guztiei bermatu behar zaizkiela, eskubide eta askatasun horiek gozatuko dituen gizakia edo taldearekiko sinpatia edo iritzi politikoa alde batera utziaz. 2. Abiapuntu honetatik, lehenik eta behin azpimarratu nahi dugu "Alderdien Legea"ren edukiek zinez garrantzitsuak diren eskubideak eta askatasunak eragin eta urratzen dituztela. Izan ere, Konstituzioak, lehenengo tituluko bigarren kapituluko lehenengo atalean, eta nazioarteko legedi demokratiko guztiek bermatzen dituzten ideologia-askatasuna, adierazpen-askatasuna, elkartze-eskubidea edota hiritarrentzako partehartze eskubideak kalteturik geratzen dira. 3. Tramitatzen ari den alderdien legeak funtzionamendu demokratikoaren oinarrizko printzipioen —aukera politiko eta hautu adierazpen-askatasuna bezalako printzipioen— aurkako eraso zuzena da. Batasunaren ilegalizioa gauzatuz gero, legitimoak diren eta gure herrian erabat sustraiturik dauden adierazte, elkartze eta hautu politiko edo ideologiko adierazpenak deuseztatuko lirateke. Legea aldatzeko, interpretatzeko eta aplikatzeko modu hau ezin dugu inolaz ere gure egin eta, beraz, honen aurkako gure erabateko desadostasuna adierazi nahi dugu. 4. Bestaldetik, guztiz kezkagarria eta salagarria da testuinguru honetan suertatzen den beste fenomenoa. Indefentsioa sortzen ari da, legearen interpretazioan zehazgabetasuna agertzen da eta honek, oinarrizko eskubideak eta askatasunen atalean, arbitrarietatea ekartzen du maiz. Askatasunen atal honetan suertatzen den nahas-mahasa eta indefinizioak giza eskubideen inguruko kultura erlatibista bultzatzen du, batez ere oihartzun handiko testuinguruan ematen delako, eta erlatibizazio hau bereziki larria da gurearen bezalako egoera soziopolitiko korapilotsuan. 5. Gertaera hauek eragin negatiboa dute, era berean, gure gizartearen gehiengoak babesten duen helburua gauzatzeko: elkarbizitza politiko baketsua, demokratikoa eta bere aniztasunaren adierazpenarentzako bermearekin ahalbidetzea. Honengatik guztiagatik, lege hori atzera botatzea eta talde politikoak legez kanpo uzteko martxan dauden ekimen judizial zein politikoak gelditzea, bertan behera uztea edo atzera botatzea eskatzen dugu. Zentzu honetan, euskal gizarteari eskaera honekin bat egiteko, aniztasunaren eta hautu politikoaren askatasunaren alde Bilboko kaleetan zehar ekainaren 15ean arratsaldeko 17.30etan egingo den manifestazioan parte hartzera deitzen dugu. Manifestazioaren leloa hauxe izango da: "Proiektu guztiak, ideia guztiak, pertsona guztiak".