IPARRALDETIK

Batera plataforma eta Ipar Euskal Herriko Lurralde Kolektibitatea

2026/01/30
Batera plataforma eta Ipar Euskal Herriko Lurralde Kolektibitatea
Lurralde Kolektibitate batek Ipar Euskal Herriari hobetzuntza nabarmenak ekar litzaizkioke, demokrazia mailan, antoketa mailan eta eskumenetan

Frantziako antolaketa kolektiboa maila desberdinetan egituratua da: ttipienetik handienera, herriko etxeak, departamenduak eta eskualdeak. Horiei gehitzen zaizkie mankomunitateak (neurriaren arabera, herri elkargoak edo hirigune elkargoak izan daitezkeenak) eta, denen gainetik, estatua. Bost geruza dira, beraz, hostopil administratibo batean antolatuak, bakoitzak bere eskumenekin. Azken hamarkadetan, Ipar Euskal Herriak bere lekua bilatu du antolaketa horretan, Batera plataformaren laguntzarekin.

Batera plataforma 2002. urtean sortu zen, indar militanteak bateratzeko eta egituratzeko helburuarekin, lau aldarrikapen inguruan: euskararen koofizialtasuna, laborantza ganbara baten sorrera, unibertsitatea eta Euskal Departamendua. Garai hartan, Ipar Euskal Herriak ez zuen ezagupen instituzionalik, ez eta erabakitze eskumenik. Testuinguru horretan, lurralde mailako departamendu baten aldeko borroka izan zen lehen helburua.

Parisek aldarrikapen horri ateak hetsi zizkion, baina, lege aldaketa baten bidez, beste aukera bat agertu zen: estatus bereziko lurralde kolektibitatea. Egitura mota horrek hostopil administratibo klasikoa moldatzeko aukera ematen du, lurralde jakin batzuen errealitatea eta berezitasunak kontuan hartuz. Hala gertatu da Parisen, Lyonen, Korsikan edo Alsazian, egitura administratiboak bateratuz eta eskumen bereziak aitortuz. 2012tik aurrera, Batera plataformak aldarrikapena egokitu zuen, eta Ipar Euskal Herriko Lurralde Kolektibitatearen proiektua lantzen hasi zen. Gehiengo sozial eta politiko zabala lortu zen eskaera horren inguruan, baina berriz ere Parisek ateak hetsi zizkion.

2017an, Ipar Euskal Herriaren instituzionalizazio eskaerari –neurri batean– erantzuteko, Euskal Hirigune Elkargoa sortu zen. Tresna mugatua izan arren, lehen aldiz Ipar Euskal Herriak bere instituzio propioa izan zuen, lurralde eskalan erabakitzeko. Euskal Hirigune Elkargoa mankomunitate erraldoia da, Ipar Euskal Herriko 158 herriak biltzen dituena. Bere funtzionamendua aski astuna da, eta eskumenak –hau da, erabakiak hartzeko ahalmena dituen arloak– mugatuak dira. Hala ere, tresna horren bidez, Ipar Euskal Herriak erakutsi du gai dela eskala horretan lan egiteko. Zenbait arlotan (garraio publikoetan, trantsizio ekologikoaren planifikazioan, eta abar) tresnaren potentziala gainditu da. Baina, hasieratik aurreikusia zen bezala, mankomunitate batek ez du Batera plataformaren aldarrikapena betetzen: ez du Ipar Euskal Herri mailako antolaketa eta erabakitze eskumenaren beharra asetzen, ez eta estatus bereziko lurralde kolektibitate batek ekarriko lukeena ordezkatzen ere.

Lurralde Kolektibitatearen hobekuntza nabarmenak

Lurralde Kolektibitate batek Ipar Euskal Herriari hobekuntza nabarmenak ekar litzazkioke, demokrazia mailan, antolaketa mailan eta eskumenetan. Demokraziari dagokionez, lehen abantaila nagusia bozka zuzena litzateke. Gaur egun, eta bereziki 2026ko martxoan izanen diren herriko bozetan, biztanleek ez dituzte Euskal Hirigune Elkargoko ordezkariak zuzenean izendatzen. Herrietako zinegotziak hautatzeko bozkatzen dute, eta bozka horien emaitzen arabera izendatzen dira Elkargoko ordezkariak. Antolaketa horren ondorioz, Hirigune Elkargoko gaiak bigarren mailara lerratzen dira eztabaida publikoan. Lurralde Kolektibitatea sortuz gero, bozka zuzenak antolatuko lirateke: kontseilariak biztanleek zuzenean hautatuko lituzkete, eta eztabaida politikoak lurralde mailako proiektuen inguruan egituratuko lirateke.

Antolaketa mailan ere, Lurralde Kolektibitate batek aitzinamendu garrantzitsuak ekar litzazke. Mankomunitate bat baino malguagoa da, eta estatus berezikoa izanik, lurralde baten beharretara egokitzeko gaitasuna luke. Batera plataformak gogoetak daramatza maila horretan, sistema bat irudikatzeko, neurri batean Lyongo metropolian jadanik aplikatzen denaren antzekoa: bozka zuzenez hautatutako kontseilarien ondoan, lurraldeko herriak –eta haien hautetsiak– ordezkatuko dituzten instantziak izatea, eta, aldi berean, gizarte zibila ordezkatu eta entzuna izanen den guneak sortzea.

Azkenik, eskumenen alorrean ere aitzinamendu handiak posible lirateke. Euskal Hirigune Elkargoak eskumen gutxi izateaz gain, askotan eskumen partekatuak ditu, eta beste maila bateko kolektibitateekin aritu behar izaten da, haien lehentasunak eta ikuspegiak desberdinak direlarik. Hizkuntza politika da horren adibide argia. Euskara sustengatu nahi eta behar du Euskal Hirigune Elkargoak, baina ez ditu kudeatzen herriko etxeen esku diren lehen mailako eskolak (HH eta LH), departamenduaren esku diren kolegioak (LH6–DBH3) edo eskualdearen esku diren lizeoak (DBH3tik batxilergora). Hizkuntza politika oso eta koherente bat eramateko, Euskararen Erakunde Publikoa bezalako tresnak sortu behar izan dira, hizkuntza eskumenak dituzten instituzioak –estatua, eskualdea, departamendua eta Euskal Hirigune Elkargoa– biltzen dituztenak. Tresna hori potentzialki eraginkorra izan liteke, baina azken urteetan ez da aitzinatu, erabaki guneak Parisen, Bordelen edo Pauen dituzten egiturek ez baitiote euskarari ematen Ipar Euskal Herriko biztanleek ematen dioten lehentasuna. Hizkuntza politikaren eskumena lukeen Lurralde Kolektibitate batek egoera hori sakonki eralda lezake. Antzeko arazoak ageri dira, halaber, mugaz gaindiko harremanetan, arlo sozialean, laborantzan eta beste hainbat politikatan.

2025eko udaberrian, Batera plataforma berriz abiatu da Lurralde Kolektibitatearen aldarrikapena aitzina eramateko, gehiengo sozial eta politiko berri bat lortzeko helburuarekin, eta Ipar Euskal Herriaren instituzionalizazio maila jauzi esanguratsu batez igotzeko.