Bateragune kasuan auziperatuta dauden militante politikoak berehala aska ditzatela eskatu ELAk

2012/03/23
Laster martxoaren 28a dela-eta, hots, Auzitegi Gorenak Bateragune kasuko defentsak sartutako helegite bat aztertu behar duen eguna, ELAk berriro eskatu du kasuan auziperatuta dauden militante politikoak -Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Miren Zabaleta, Arkaitz Rodriguez eta Sonia Jacinto- berehala aska ditzatela.

“Bateragune” kasuko atxiloketak 2009ko urriaren 13an izan ziren, Garzon epailearen aginduz, eta aipatutako pertsonei Auzitegi Nazionalak –salbuespen auzitegi batek alegia– 2011ko irailaren 16an zortzi eta hamar urte bitarteko kartzela zigorra ezarri zien; honen guztiaren erroan erabaki politiko bat zegoen, euskal herritarren sektore handi baten parte hartze politikorako eskubidea ukatu eta zanpatzeko erabakia.

Atxiloketa haiek milaka herritarren erantzuna eragin zuten, Donostian 2009ko urriaren 17an euskal gehiengo sindikalak deituta izan zen manifestazio handian; deialdiaren lehen helburua atxilotuei eta hauen senideei elkartasun sentipena helaraztea izan zen. Orduan esan genuen moduan, sentipen hori areagotu egiten zuen “inkomunikazio erregimenak eta legeria antiterroristak eragiten duten indefentsio egoerak; izan ere, euskal jendartearen gehiengoak, nazioarteko estamentu eta eremu ugaritako pertsona ezagunek zein Nazio Batuetako giza-eskubideetako errelatoreak berak ere sarri askotan salatu izan ditu”.

Gehiengo sindikalak erantzun zuen ere gero etorri zen zigorra ezagutu zuenean; komunikatu batean kondenatuen askapena eskatu zuen, honako argudioarekin: “garatu izan duten jarduera politikoa ezin da, inondik ere, sistema demokratiko batean inor espetxeratzeko arrazoia izan". Izan ere, euskal gizartearen gehiengoarentzat espetxeratutako pertsonen jarduera politikoa bete-betean bat baitzetorren ENAM delakoak estrategia politikoa bide zibil eta demokratiko hutsetatik garatzeko behin betiko erabakiarekin, eta gero etorri zen ETAren jardun armatuaren amaierarekin. Horregatik, are zailagoa da ulertzea hainbeste pertsonak espetxean jarraitzea, soil-soilik beren militantzia politikoagatik.

Espainiar estatuak behingoz baztertu egin behar du botere judiziala xede politikoekin erabiltzeko joera, eta parte hartze politikorako eskubidea berrezarri behar du, herritar guztientzat. Auzitegi Nazionalaren epaia indargabetu beharra dago. Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Miren Zabaleta, Arkaitz Rodríguez eta Sonia Jacinto berehala askatu behar dituzte, baldintzarik gabe, eta eragin zaien kaltea ere konpontzea ezinbestekoa da.