Bateragune kasuan prozesatutako pertsonen aurkako epaia salatzeko elkarretaratzeak

2011/09/16
Euskal gehiengo sindikala osatzen dugun ELA, LAB, STEE-EILAS, EHNE eta HIRU sindikatuok berriro exijitzen dugu Bateragune auzian epaitu eta kondenatuak berehala eta baldintzarik gabe aska ditzten. Garatu izan duten jarduera politikoa ezin da, inondik ere, sistema demokratiko batean inor espetxeratzeko arrazoia izan. Horregatik, epaituei gure elkartasun eta babesa helarazi nahi diegu.

Gehiengo sindikalak euskal gatazkaren konponbide demokratikoarekiko konpromisoa berresten du; horretarako, euskal langileriari dei egiten diogu helburu honekiko bere konpromisoa areagotu dezan. Bateragune kasuan prozesatutako pertsonen aurkako epaia gertakari bereziki larria da eta lekuz kanpo dago, are gehiago atxilotutako pertsonak gatazka hau gainditzeko lanean ibili direlako euren praktika politikotik.

Beharrezkoa da Estatuaren jarduerak ardaztu dituzten errepresio eta justiziaren instrumentalizazio estrategiak gainditzea; estrategia horietxen emaitza oraingoan ere epai guztiz bidegabea eta tokiz kanpokoa izan da. Honi lotuta, euskal gizartea adierazpen eta parte-hartze politikorako eskubideak babestuko dituzten normalizazio politikorako bideak eskatzen ari da.

Gehiengo sindikalak dei egiten du datorren astelehenean, hilak 19, bilkurak egitera, herrietan enpresen aurrean eta Hego Euskal Herriko hiriburuetan

 

                                   Bilbo:          Moyua plaza,                            12,00

                                   Donostia:    Boulevard                                12,00

                                   Gasteiz:      Andra Mari Zuriaren plaza      12,00

                                   Iruñea:        Udaletxeko plaza                     12,00

 

  “Epai politikorik ez- Eskubide guztiak guztiontzat”.