Langileriaren iritziaren aurka sinatu dute PESAn lan-hitzarmena LAB eta UGTek

2017/03/10
UGTk eta LABek sinatutako akordioa salatu du ELAk, langile gehienen aginduaren kontra hartutako erabakia delako. Izan ere, Batzar Orokorrak langileen %82tik gorako sostenguaz erabaki zuen enpresaren azken proposamena ez onartzea.

ELAk UGT eta LAB sindikatuen jokabidea salatu nahi du. Izan ere, Langileen Batzar Orokorrean erabakitakoari bizkarra emanez akordioa sinatu dute enpresarekin, hitzarmena sinatzeko adostu ziren gutxieneko edukiak errespetatu barik. Hori izan zen arrazoia, hain zuzen ere, martxoaren 3tik aurrera greba mugagabea hasteko arrazoi nagusia.

Orain sinatu duten akordioan jaso ez diren puntu batzuk adosturik zeuden alderdi guztien artean aldez aurretik egindako urtebeteko negoziazioetan.

Dena dela, edukiak alde batera utzita, ELAk moldeak ere gaitzesten ditu; izan ere, UGTk eta LABek, langileen ondoeza ezaguturik, ez diete jakinarazi enpresaren proposamena; horren ordez, grebaren gutxieneko zerbitzuak zehazteko bileran, greba mugagaberako deia bertan behera utzi eta akordioa sinatu dute.

Halaber, ELAk salatzen du UGTk eta LABek Enpresa Batzordearen bilera bertan behera utzi izana aurretiaz abisatu gabe, ELAk egin behar zien proposamena saihesteko asmoz, alegia, langileei proposamena erakutsi eta horren gainean bozketa egiteko proposamena saihesteko asmoz.

Oraingo akordio horretan, PESAko langileriaren helburuak eta beharrizanak bete gabe uzteaz gain, enplegua bezalako gaiak enpresaren esku utzi dira, nahierara kudeatu ditzan, eta behin-behinekotasunaren tasak eta lege-iruzurrean egindako kontratuak onartezinak dira.