PALESTINA

BDZk ekainaren 14rako deitutako mobilizazioa babestu du ELAk

2025/06/12
ELA oso kezkatuta dago Palestinako herriak egun bizi duen egoerarekin. Israelgo Estatuak telebistan emandako genozidio baten lekuko gara. Izan ere, ia 55.000 pertsona hil eta 120.000 zauritu dira. Gazako Zerrendako biztanleriaren %90a desplazatuta dago eta elikagaien segurtasun eza larria eta erabatekoa da. Bestalde, Zisjordanian, Hamasek jarduten ez duen lekuan, Israelgo Armadaren erasoek eta kolono israeldarren indarkeriak gutxienez 905 pertsona hil eta 7.000 zauritu dituzte.

Egoera horren aurrean, salatu behar dugu Nazioarteko Komunitateak eta, bereziki, Europar Batasunak hamarkada luzeetako gatazkari irtenbide baketsua emateko borondate eza. Egoera betikotu egiten da Estatu Batuen babesarekin, Israelen baldintzarik gabeko aliatua baita, eta EBren isiltasunarekin, beste alde batera begiratzen baitu.

ELAk gaitzesten ditu armagintza ekonomia hazteko aukera gisa goraipatzen duten ordezkari politiko eta gobernuk
ideen adierazpenak eta arbuiatzen du gerra aukera bat izatea langile klasearentzat. Langileak dira edozein gerraren lehen biktimak.

Horri gehitu behar zaio negozioa egiten duten enpresek okupazioarekin eta gerrarekin duten erantzukizuna. Enpresa horietako bat CAF da, eta urteak daramatzagu Jerusalemgo Tren Arinaren proiektua bertan behera uzteko eskatzen. CAFek eraikitzea eta handitzea onartu zituen tren-lin
ien helburua da Israelek Palestinako lurralde okupatuan dituen legez kanpoko asentamenduak Mendebaldeko Jerusalemekin lotzea. Horrek nazioarteko legezkotasunaren aurka egiten du, behin eta berriz salatu den bezala.

ELAko atal sindikalak eta CAFeko Enpresa Batzordeak etengabe eskatu diote Zuzendaritzari proiektua bertan behera uzteko, baina Zuzendaritzaren diru-egarriak kontratu horri eustea eragin du

ELAk enpresei, erakundeei eta gobernuei exijitzen die beste herri batzuen sufrimenduarekin negoziorik ez egiteko, eta horregatik aldarrikatzen du;

             Israelen desblokeoa Gazako Zerrendara beharrezko laguntza humanitarioa iritsi ahal izateko, eta baita hornidurak, elektrizitatea, erregaia eta abar.

  • Israelekiko harreman orori boikota egitea, hau da, harreman instituzional, diplomatiko, militar, akademiko, komertzial edo ekonomiko oro haustea, nazioarteko zuzenbidea bete arte. Zehazki, ELAk eskatzen du EB-Israel lehentasunezko akordioa haustea, armen merkataritza amaitzea eta Israelgo talde diplomatikoa kanporatzea.

  • Espainiako Estatuak eta euskal erakundeek bat egin behar dute nazioarteko genozidio-salaketekin, eta gizateriaren aurkako krimenak egiten dituztenak justiziaren aurrean ager daitezen jardun behar dute.

  • Herri palestinarra aitortzea, bai eta kolonizazioa eta okupazioarekin amaitzea ere.


Horregatik guztiagatik, ELAk bere militantzia animatu du aldarrikapen horiek defendatzeko egiten diren mobilizazioetan parte hartzera.