Beasaingo CAFeko zuzendaritzak daraman externalizazio politika salatu du ELAk

2016/10/11
CAFeko zuzendaritzaren estrategia kostuak merkatzea da, horretarako lana esternalizatzen delarik, eta ondorioz, bertako kalitatezko enplegua suntsituaz. ELAren iritziz ez da onargarria urtarrilaren 1ean Altzairutegia ixtea.

CAFeko ELAren sail sindikalak erabat arbuiatu du Altzairutegia ixteko erabakia, baita berau martxan mantentzea exijitu ere; lantegi historiko honen amaiera enpresako zuzendaritzak joan den astelehenez, hilak 10, iragarri zuen. Enpresaren estrategia kostuak merkatzea da, horretarako lana esternalizatzen delarik, eta ondorioz, bertako kalitatezko enplegua suntsituaz.

Enpresa batek lan bat azpikontratatzea erabakitzen duenean ez genuke soilik kontutan izan beharko zenbat langileri eragiten dien eta hauek nola birkoloka daitezkeen. Izan ere, horrelako erabakien ondorioak larriagoak izan ohi dira: Zuzeneko eskulanaren ordez enplegu prekarioa sortzen da. Gaur Altzairutegia izan dena bihar CAFeko beste edozein sail izan daiteke, eta horrek Beasaingo lantegia deskapitalizatzea esan nahi du.

Enpresak bere erabakia zuritzeko eman dituen datuek ez dute argitasunik ematen. Horregatik, ELAko sail sindikalak dokumentazio gehiago eskatuko du. Ez da onargarria urtarrilaren 1ean Altzairutegia ixtea. Enpresaren historia atzera eginez gero, azken urteetan itxi izan dituzten instalazioetako bat ere ez da berriro ireki eta produkziora itzuli: Aroztegia, Fundizioa, Errebarba... Orain Altzairutegiaren txanda da. Baina zein izango ote da hurrengoa? Ardatzen forja, gurpilen forja, gurpilen mekanizatua, etab. Baita Ibilgailuak ere (duela gutxi maniki elektrikoak izan dira).

Nork ziurtatuko digu lantegi hauek mantenduko direla, ikusita Altzairutegia itxi nahi dutela? Altzairuzko lingotea kanpoan egiten bada, zergatik ez dute bada gurpila bera CAFetik kanpo fabrikatu eta mekanizatuko?

ELAk enpresaren erabaki honi aurre egiteko borroka proposatuko du. Sindikatuok eta langileok elkar hartuz gero egoerari buelta eman ahal izango diogu; hala gertatu izan da enplegua arriskuan zegoen beste une batzutan ere.