Beasaingo Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileak borrokan hitzarmenaren alde
ELAren iritziz, Beasaingo herritarrek emandako baliabideak lehentasun horietara bideratu behar dira, eta ez enpresa pribatuen irabaziak gizentzen jarraitzera, lan- eta zerbitzu-baldintzak prekarizatuta.
Zerbitzu publikoak pribatizatzeko politika horrek ondorio argiak ditu. Alde batetik, erabiltzaileak kaltetuta ateratzen dira; izan ere, bizitzako azken etapan ez dute euren beharrak asetzeko behar duten dedikazio eta zerbitzu-kalitate egokirik. Eta, bestetik, zaintza-zerbitzu hori ematen duten langileek osasunean jasaten dituzte kalteak, lan karga eta erritmoen ondorioz.
Langileek salatu dute egiten dituzten orduen arabera kobratzen dutela, oso aldakorrak direnak hilabetez hilabete, eta ezegonkortasun horrek eragin negatiboa du lan-baldintzetan eta erabiltzaileei ematen dieten zerbitzuan.
2021ean zehar, ELAk hainbat bilera egin ditu bai enpresa esleipendunarekin bai Udalarekin, orain arte arrakastarik izan ez duen hitzarmen-akordio bat lortzen saiatzeko. Hori dela eta, aurreratu du mobilizazioak luzatu egingo direla, langileen lan-baldintzak duinduko dituen hitzarmen bat lortu arte.