Beasaingo etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileen greba azaroaren 8tik 14ra

2021/10/26
Iraileko eta urriko mobilizazioen ondoren, enpresak ez du negoziazioaren aurkako jarrera aldatu, eta Beasaingo etxez etxeko laguntza-zerbitzuko langileek azaroaren 8tik 14ra bitarteko grebara joatea erabaki dute, lan-baldintza eskasak duintzen dituen hitzarmen baten alde. Halaber, egunero bilduko dira Udaletxearen aurrean goizeko 11: 30ean. Halaber, bihar, urriak 27, elkarretaratzea egingo dute Zubimusu plazan arratsaldeko 18:30ean. Langileek, egiten dituzten orduen arabera kobratzen dute. Ordu horiek oso aldakorrak dira hilabetez hilabete, eta langileek duten ezegonkortasun horrek eragin negatiboa du beraien lan-baldintzetan eta erabiltzaileei ematen dieten zerbitzuan.

Etxez etxeko langileek hitzarmen-plataforma Goxara enpresari eta Beasaingo Udalari eman zieten duela urtebete baino gehiago. Beasaingo etxez etxeko laguntza-zerbitzua zerbitzu publikoa da, eta Udalaren titulartasuna du. Zerbitzu hori pribatizatuta dago eta Goxara enpresak kudeatzen du. Enpresa horretan 28 langile inguruk egiten dute lan. ELAk plataforma onartzeko eskatu dio enpresari, baina uko egin dio. Enpresarekin eta udalarekin izandako bilerak emaitzarik gabe amaitu dira.
Irailean eta urrian langileek hainbat mobilizazio egin dituzte, baina enpresak ez du aldatu bere negoziazioaren aurkako jarrera. Gauzak horrela, grebara joatea erabaki dute etxez etxeko langileek. Hasteko, azaroaren 8tik 14ra. Halaber, egunero elkarretaratzea egingo dute Beasaingo udaletxearen aurrean, 11: 30ean. Udala da egoera honen erantzule nagusia, enpresaz gain. ELAren ustez, baliabide publikoak ez daude enpresa pribatuen mozkinak loditzen jarraitzeko, lan eta zerbitzu baldintzak prekarizatzean oinarrituta.