Behin-behineko langile pubikoen kaleratzea ahalbideratzen du Miquel Icetra ministroak eta CCOO, UGT eta CSIF sindikatuek lortutako akordioak

2021/07/05
Behin-behineko langile pubikoen kaleratzea ahalbideratzen du Miquel Icetra ministroak eta CCOO, UGT eta CSIF sindikatuek lortutako akordioak
Hiru sindikatuek eta Espainiako Gobernuak gaur arratsaldean adostu dute akordioa, eta bihar iritsiko da ministro kontseilura. ELAk uste du oso larria dela, milaka langile publikoren lanpostua jokoan dagoelako. Horregatik, mobilizatzen jarraitzeko deia egin du.

Gaur, uztailak 5, Espainiako Gobernuak eta CCOO, UGT eta CSIF sindikatuek arlo publikoko behin-behinekotasunaren inguruko  akordioa hitzartu dute. ELA sindikatuaren ustez, hitzartutakoa oso larria da, bai eduki aldetik, bai eta araudi hau izapidetzeko aukeratutako izapidetza moduagatik ere. Izan ere:

  • Langile publikoen birjartze-tasak inposatzen ditu. Ondorioz, espainiar estatuak aurrerantzean ere gure herrian behar diren langileen kopurua inposatzen eta mugatzen jarraituko du. 
  • Urte luzez zerbitzu publikoan jardun eta zerbitzu hori eskaintzen aritutako aldi baterako milaka langile kaleratzeko aukera eskaintzen du akordioak. Cristóbal Montoro ministro ohiaren egonkortze-prozesuei eusten baitie, nahiz eta agerikoa den eraginkortasunik ez dutela behin-behineko langileen kontsolidazio errealeala lortzeko.
  • Gainera, behin-behinekotasunaren gehiegikeria pairatu duten langileei ez zaie bermatzen lan-poltsetan sartzeko aukera, ez eta urteko 20 eguneko kalteordaina ere. 
  • Ez da proposatzen etorkizunean egungo aldi baterako enplegu-tasak, enplegu suntsipena eta arlo publikoaren pribatizazioa saihesteko benetako neurririk.
  • Sinatzaileentzat osasuna eta hezkuntza bigarren mailako kontuak direla dirudi, neurriok hartzeko erabakia urte betez ere atzera baitezakete.  
  • Horrek guztiak eragin ditzakeen ondorio larriez gain, Gobernuak gabezia demokratiko larriak ditu, salbuespenezko bide batetik izapidetuko baitu araudia: Errege-Lege Dekretu bidez alegia

Akordioa sinatzeak edota berari babesa emateak milaka behin-behineko langile publikoren kaleratzea ontzat ematea da, arlo publikoaren pribatizazioa areagotzeko erraztasunak babestea eta gabezia demokratiko nabariak dituen araudi aldaketarako izapidetza modu bat onartzea suposatzen du.

ELAk egungo egoera gainditzeko  egindako ondorengo eskarietatik bakar bat ere ez da aintzat hartu.

  • Madrilen ezarritako birjartze-tasak behingoz desagertzea, enplegu publikoa sortu eta dagoeneko pribatizatuta dauden zerbitzuak publifikatzeko. 
  • Euskal administrazio guztietan enplegua kontsolidatzeko prozesuei ezarritako oztopoak kendu, enplegua bermatzeko EAEn eta Nafarroan behin-behinekotasuna pairatzen ari diren 70.000tik gora langileei. 
  • Neurriak hartzea egungo egoera errepikatzea saihesteko; hau da, zerbitzu publikoetan enplegu eta langile publiko egonkorrak izango direla bermatu behar da. 

ELAk euskal instituzio eta alderdi politikoei eskatzen die ez dezatela botoekin babestu Lege hori; autogobernu ahalmenean injerentzia larria ez ezik, arlo publikoan diharduten milaka langileren kaleratzea eragin dezakeelako. Gainera, Gasteizko eta Iruñeko gobernuei galdegiten diegu testua errekurritu dezatela, baldin eta Estatuko Gobernuak Lege-Dekretuaren bidetik onartuko balu.

ELAk mobilizazioa bultzatuko du benetako kontsolidazioa lortzeko eta arau-aldaketen alde. Horregatik, EAEko arlo publikoan egin zen greban parte hartu zuten sindikatuekin zein bestelako behin-behineko langileen kolektiboekin bildu, eta mobilizazioak adosteko lanean arituko da ELA.