Behin-behineko kontratazioak gora egin du urrian ere

2010/11/03
INEMeko zerrendetan urrian erregistraturiko langabezia 174.381 pertsonatakoa izan da Hego Euskal Herrian, aurreko hilean baino 2.458 gehiago, eta 2009ko urrian baino 10.055 gehiago.

Langabe kopuruak %1,4ko igoera izan du aurreko hilarekiko, beraz, eta %6,1koa aurreko urtearekiko, eta honek, ekonomiaren “errekuperazioak” ez dakarrela langabe kopuruaren jaitsierarik islatzen du.

 

Langabe kopuruaren igoeraz gain, esanguratsua da, baita ere, INEMeko zerrendetan erregistraturiko biztanleriaren %36,4ak ez duela inolako langabezi prestaziorik kobratzen, eta %24,4ak prestazio asistentziala soilik kobratzen duela; zalantzarik gabe, beharrizan sozialei erantzuteko politika publikoen gabeziaren adierazgarri da hau, kasu honetan, langabeen prestazioaren koberturari.

 

Kontratazioari dagokionez, urrian sinaturiko kontratuen %93,3a aldi baterakoa izan da, 2009ko urrian baino 0,5 puntu gehiago, eta honek, lan erreformak behin-behinekotasuna jaitsiko zuenaren argudioa, erreforma justifikatzerakoan erabilia, faltsua gertatu dela adierazten du.