Berangoko Alconza enpresako langileek greba mugagabea hasi dute 38 kaleratzeen aurka

Berangoko Alconza enpresako langileek -Irizar taldekoak- greba mugagabea hasi dute, iragarritako 38 kaleratzeen aurka eta etorkizunari begira enplegua eta lan-baldintza duinak bermatuko dituen industria-plana eskatzeko.
Irizarrek 2013an erosi zuen Alconza, 250 langileko plantillarekin, taldeari balio erantsia eman ziezaion. Egindako kudeaketa txarrak eragin du egungo egoera. Ez da inbertsiorik egin Berangoko lantokian. Lan-baldintzen prekarizaziora bideratutako politikak izan dira Irizar taldearen industria-plan bakarra.
Alconza erosi zenetik, Irizarrek 10 milioi euro banatu ditu dibidenduetan. Hala ere, zortzi urte hauetan ez du lan-kargarik ekarri Berangora.