Berdintasunerako lege hankamotza, ELA-Emakumeak-en prentsa oharra.

2005/02/18
Genero-politiken alorrak testuaren hutsuneak salatu ditu

Gasteizko Legebiltzarrean onartzekotan dira Emakumezkoen eta Gizonezkoen Berdintasunerako Legea. ELAko genero-politiken alorrak aztertu egin du, eta hasierako testu zehazgabea orain zertxobait hobetu dela irizten dio, baina ez erabat; bere argilunen artean enpleguari buruzko hutsuneak salatu ditu sindikatuak.

Behin betiko legean ELAk gabezia nabarmenak ikusten ditu enpleguaren gaian:
Batetik, ahalmen mugatuak ditu, EAEko eskumenei lotuta baitago. Beraz, legearen helburua eta margen de maniobra oso estuak dira, euskal erakundeen esku ez baitaude aipatzen diren neurriak gauzatzeko eskumenak. Hain zuzen, enpleguaren alorreko ahalmena estatuarena da; hartara, hainbat artikulutako neurriak ezin dira bete, estatuko beste instituzio eta legeekin talka egingo bailukete.

Legea zein esparrutan gauzatuko den ere ez da pozgarria: lehenengo zirriborroetan sektore publikoa eta pribatua aipatzen ziren arren, enpresa pribatuak desagertu egin dira oraingoan. Beraz, esparru publikoan geratzen delarik, enpresa pribatuek betetzeko beharrik ez dute eta legea hankamotz utzi dute.

ENPLEGU POLITIKA "POLITAK"

Enplegu-politikak 38. artikuluan zehazten dira, eta herri-erakundeek orain arte egin izan dituzten neurri neoliberal hutsekin ez datoz bat. Horregatik, ez dago gaizki enplegu egonkor eta egokia sortzeko planak ahotan hartzea, kolokako eta aldi baterako lanpostuak desager daitezen, baina are beharrezkoago litzateke administrazioek benetan hortik jotzea.

Bitarteko eta neurri zehatzak eskas dira: Legean jasotako helburuetara iristeko zinezko bitartekoak falta dira, adibidez sexu-jazarpenari buruz (ez dago protokolorik, ez baliabiderik). Legeak puntu anitzetan ez dauka zehaztasunik, eta gero etorriko diren araudien baitan uzten dira xehetasunak. Laneko osasunean genero ikuspegia ere ez da aintzat hartzen, ez eta ikuskaritzaren papera& Laneko eta norbere bizitza bateratzeko modua: beharren bat duten pertsonak zaintzeko zerbitzuak puntu honekin lotzen ditu legeak (ez da arreta izateko funtsezko eskubiderik aitortzen). Legeak dioenez, egitura eta zerbitzuak egokitu beharra dago, baina sarri laguntza, lanaldi murrizte eta eszedentziak hartzeko aukera ez da benetakoa, kontratu-mota, baldintza eta diru-sarrerek ez baitute biderik ematen.

LEGEAREN ALDE

Bestalde, legeak hainbat puntu interesgarri jasotzen du: Etxeko lanaren kontzeptua, bere balorazio eta zenbaketa jaso izanari ongi irizten diogu; orain arte faktore ahaztu eta baztertua izan da.

Egokia da ere beste puntu bat, esparru pribatuan sortzen den lanarekiko ardura pertsona guztien artean partekatua izatea.

Parte-hartze soziopolitikoan parekotasuna aipatzen da, hain zuzen hautagai-zerrendetan, baina ez kremailera sistema (emakume-gizon-emakume-gizon hurrenkera), honek ekarriko bailuke benetako parekotasuna. Bestalde, testuaren atal batzutan parekotasunaren ordez "ordezkatze orekatua" agertzen da (eta hau oso era ezberdinetan uler daiteke)...