Bere autogobernu gaitasuna balioaraziz bere langileekin sinatuta dituen akordioen ez- betetzeak eteteko exigitzen dio ELAk Eusko Jaurlaritzari
Eusko Jaurlaritzako langileek, estatuko oinarrizko legediaren aitzakipean Eusko Jaurlaritzak aplikatutako murrizketa guzti guztiak pairatu dituzte. Langile hauek %20 inguruko galera jasan dute beren eroste ahalmenean, jadanik legezko “debekurik” ez badago ere, Eusko Jaurlaritzak Itzarriko ekarpenik egin gabe, gaixotasunagatiko osagarrietan murrizketak aplikatzen eta lanaldi luzatua ezartzen jarraitzen du. Honi, azken urteetako EPE gabeziak larriagotutako behin behinekotasun maila ikaragarriak zein etengabeko zerbitzuen subkontratazio eta pribatizazioak gehitu behar zaizkiolarik.
Orain, eta Hauteskunde orokorrak erortzear daudelarik, Espainiar gobernuak zalaparta ikaragarriz ondorengoa jakinarazi du: 2016 urterako %1eko soldata igoera , norbere kontuetarako 6. egunaren itzulketa (moskosoak), aintzinatasunagatiko egunen berrezarpena (kanosoak), EPEak egiteko aukeren zabaltzea eta 2012 urteko abenduko aparteko ordainsariaren %25aren itzulketa 2015ean, eta %50ekoa 2016an.
Adierazpen hauen aritik, Eusko Jaurlaritzako langileek beraien Hitzarmen eta Akordioetan jasotako baldintzak aplikatzeko eskubidea dutela azpimarratu nahi du ELAk. Beraz, akordio hauek guztiak berehala aplikatzeko exigitzen diogu Eusko Jaurlaritzari, bere sinadurarekin aipatutako akodioak aplikatzeko betebeharra hartu baitzuen bere gaiñ. Eta honek suposatzen du:
-
Urteko 1592 orduko lanaldia (asteko 35 orduak)
-
Norbere kontuetarako egun guztien berreskuratzea
-
aintzinatasunagatiko egunen berreskuratzea
-
Gaixotasunagatiko bajen %100ko osagarrien berreskuratzea
-
Itzarriko ekarpenen berreskuratzea
-
Galdutako Eros-ahalmenaren berreskuratzea
Bestalde, Eusko Jaularitzako enpleguaren kalitatea geroz eta tamalgarriagoa da, behin behinekotasuna %35ekoa baita, zerbitzuen azpikontratazio zein pribatizazioa gorantz baitoa eta ordezkapenik ez baita egiten. Ezinbestekoa da EPE ak egitea, lanpostu estrukturalen hornikuntza prozesuei (aurretiazko lekualdatze lehiaketa eta barne promozioekin), zein behin behineko enpleguaren kontsolidazio prozesuei ekitea. Aldi berean, langilegoa lehen egunetik ordezkatzea eta azpikontratazio zein pribatizazioekin amaitzea ere nahitaezkoa da.
Azaldutakoagatik, bere autogobernu gaitasuna balioaraziz, espainiar gobernuaren aginduetatik aldendu eta hemen sinatutako akordioak bete eta lanpostuen hornikuntza betebeharrei erantzun diezaiola exigitzen dio ELAk Eusko Jaurlaritzari.