Bergarako Candy-Hoover enpresaren itxiera salatzeko manifestazioa arratsaldean
2014/10/30

Gaur, urriak 30, 19:00tan manifestazioa abiatuko da Bergarako San Martin plazatik "Enpleguaren alde, deslokalizaziorik ez!" lelopean, langileen batzordeak deituta. Modu honetan ELAk gogor salatu du Candy-Hoover enpresaren itxiera eta deialdiarekin bat egin du.
Candyk duela urte batzuk ireki zuen garbigailuak egiteko lantegia Txinan, eta orain goiko kargakoak ere han egitea erabaki du. Horrela adierazi diete gaur goizean Candy-Hoover talde italiarreko arduradunek enpresa batzordeko kideei lantokia ixtearen erabakia ematerakoan. Bergarako fabrika ez dela errentagarria adierazi diete lantegiaren arduradunek.
Bergarako lantegian 173 langile aritzen dira eta azken urteotan lana eteteko hainbat erregulazio espediente jasan dituzte langileek.
ELAk gogor salatu nahi du zuzendaritzak agertu duen jarrera. Izan ere, ez dute galderarik onartu eta itxieraren berri ematera mugatu dira.