Bermeoko garbikuntzaren greba amaitu da, hitzarmen probintzialaz aparteko % 10eko igoera lortu ondoren

2022/06/02
Bermeoko garbitzaileak pasa den urteko irailaren 27an hasi zuten grebari bukaera eman diote. Bederatzi hilabete iraun duen greba honekin, hitzarmen probintzialaz aparteko %10eko igoera eta lanaldien handiagotzea lortu dute.

Akordio honen bitartez, greba bertan behera geratzen da bere osotasunean; izan ere, greba honetan hiru esleipen ezberdinetako emakumeek parte hartzen zuten eta 2.loteak akordioa hilabete batzuk lehenago lortu bazuen ere, gainerako bi loteek akordiorik gabe jarraitu dute gaur arte.

Argi utzi nahi dugu, lortutako onurak emakume hauek kolektiboki aurrera eraman duten borrokaren emaitza direla eta borrokak merezi duela. Bestalde, prekarietatearen aurkako borroka hau duina izatea eragin duen erresistentzia-kutxaren indarra ere azpimarratu nahi dugu; sindikatuan hain garrantzitsua dugun tresna honen balioa sektore feminizatuko greba luze hauetan antzematen baitugu.