ESI BARRUALDE GALDAKAO
Beroaren aurkako prebentzio neurririk ez dagoela salatu dute ELA eta ESK sindikatuek

ELAk eta ESK-k elkarretaratzea egin dute gaur Etxebarriko Osasun Zentroan, urrunetik datorren arazo bat salatzeko: erabiltzaileek eta langileek udan jasaten dituzten tenperatura altuak osasun-zentro askotan. Gaur egindako mobilizazioan, Barrualde Galdakao ESIn beroaren aurkako prebentzio-neurririk ez dagoela salatu dute.
Egoera hori urtez urte errepikatzen da, gero eta modu bortitzagoan, eta Barrualde ESIko Zuzendaritzak eta Osakidetzak ez dute neurririk hartzen herritarren eta langileen osasuna bermatzeko. Langileen kasuan azpimarratu behar dugu lanaldi osoan tenperatura altuak jasaten dituztela.
ELAk eta ESK-k salatu dutenez, Lan Arriskuen Prebentzioari buruzko Legean ezarritako tenperaturak gainditzen ari dira, baina hala ere ez da neurketarik egin, prebentzio ordezkariek behin eta berriz eskatu duten arren.
Osakidetzaren erantzuna da arazoa "aztertzen" ari direla, "mantentze-lanen esku" dagoela, obrak "zailak" direla edo ezin direla "pingüino" (aparatu) gehiago jarri elektrizitate-gastuagatik.
Bitartean, Basauriko anbulatorioko korridoreetako beroak sinkopeak eragin ditu eta Urduñako Osasun Zentroko langileak aste honetan bertan osasun-zentroa ixtera behartuta egon dira 30º-tik gorako tenperatura jasan ostean. Hori guztia ekainean, non, datu ofizialen arabera, 26 pertsona hil diren beroagatik.
Hori guztia Osakidetzak pairatzen duen narriaduraren eta inbertsio faltaren isla besterik ez da, eta hau bereziki nabarmena da Lehen Arretan. Arreta maila honek murrizketa zuzenekin funtzionatzen du urtean 6 hilabetez, eta zentruak irekita mantentzen diren kasuetan, baldintza egoki eta osasungarririk gabe egiten da, ez langileentzat, ez erabiltzaileentzat. Zoritxarrez, egoera hori ez da soilik ESI honena eta Lehen Arretarena. Pasa den urteko udan oso antzeko egoeran zegoen Basurtuko Ospitaleko erditze-zerbitzuan. Zerbitzu horretan, langileek eta erabiltzaileek 38 gradura iristen ziren tenperaturak jasaten zituzten, eta horren baitan arrisku larrian zegoen langileen eta emakume erabiltzaileen osotasun fisikoa.
Azken egun hauetako muturreko bero-gertakaria bukatu da, eta hurrengoa iritsi baino lehen premiazko konponbideak martxan jartzeko unea da.