Vicarli Handling

Beste 5 greba egun deitu dituzte lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmen baten alde

2023/04/05
Grebaren bosgarren egunean, langileak manifestazioan Lan Departamentura joan dira. Han Nafarroako Gobernuarekin bildu dira euren aldarrikapenak helarazteko eta egoeraren berri emateko.

Vicarli Handling enpresako langileek, Enpresa Batzordeak deituta (5 ELA, 2 LAB, 1 CCOO, 1 UGT), manifestazioa egin dute Nafarroako Gobernuaren esku hartzea eskatzeko. 5 greba egun egin dituzte, besteak beste, soldata eskalak ezabatu eta erosahalmena bermatuko duen hitzarmen baten alde. Langileek Nafarroako Gobernuari eskatu diote esku har dezala, eta apustu egin dezala enplegu egonkor eta kalitatezkoaren alde. Gobernuak enpresarekin hitz egiteko konpromisoa hartu du.

Vicarlik grebarako eskubidea urratu du hasieratik, kaleratzeak, grebalariak ordezkatzea edo Greba Batzordeari instalazioetara sartzea eragotziz (Acciona, Siemens Gamesa, Viscofan, Nordex, Solidus San Andrés, Solidus Videcart, Timac Agro eta Caja Rural dira lan egiten duten lantokiak). Bestalde, Lan Ikuskaritzak ez du bere ardurarik hartu, eta VICARLIri plantillaren zati baten grebarako eskubidea urratzen uzten ari zaio.

Egoera horren aurrean, beste 5 greba egun deitu dira Aste Santuaren ondorengo lanegunetarako (apirilaren 11, 12, 13, 14 eta 17rako).