Beste bost greba egun deitu dituzte Nafarroako erresidentzietan

2023/01/10
ELAk, UGTk eta LABek grebara deitu dituzte Nafarroako egoitzetako langileak urtarrilaren 16tik 20ra, ia bi urte betetzen dituen hitzarmenaren negoziazioan aurrera egiteko.

Nafarroako egoitzetako langileek oinarrizko hainbat gaitan beren lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmen bat eskatzen dute: hilaren amaierara iritsi ahal izatea, atseden hartzeko denbora gehiago izatea edo diru sarrerak murrizten ez dituen baja bat hartu ahal izatea.

Sektoreko patronalak (ANEA eta LARES) hitzarmenaren negoziazioan aurrera egitea blokeatzen ari dira, langileei eta egoitzetako erabiltzaileei prekarietatea ezarriz.

Bestalde, Nafarroako Gobernuak patronalen aldeko jarrera hartzen jarraitzen du. Diru publikoarekin finantzatutako sektorea da, eta, beraz, Gobernuaren erantzukizuna zuzena da.

Egoera honen aurrean, ELAk, UGTk eta LABek (% 83,6ko ordezkaritzarekin) bost greba egun jarraian deitu dituzte patronalak eta Nafarroako Gobernua Nafarroako egoitzen lehen hitzarmena negoziatzera behartzeko. Urtarrilaren 20an manifestazioa egingo da 17:00etan Miserikordiatik aterata.