EAEko ehungintzako eta oinetakoen merkataritza
Beste greba egun bat egingo dute azaroaren 2an estatuko hitzarmena ez aplikatzeko

Inditex, Mango, H & M, Primark, Tendam Retail, Kiabi, Parfois eta Pepe Jeans enpresek, besteak beste, estatu mailako sektoreko hitzarmen berri baten negoziazioa bultzatu dute, ARTE patronal berriaren bitartez.
Hitzarmen berri honen helburua argi dago: sektoreko lan baldintzak estatu mailan homogeneizatzea, eta horrek EAEko lan baldintzak okertzea ekarriko luke. EAEn daude sektoreko lan baldintzarik onenak, egindako greba eta antolaketa sindikalaren ondorioz.
Hitzarmena oraindik sinatu gabe dagoen arren, gaur egun mahai gainean proposamen hauek daude: igande eta jaiegunetan irekitzeak, soldatak izoztea, lanaldiaren banaketa irregularra, KPIari lotu gabeko soldata igoerak eta urteko lanaldiaren igoera, besteak beste.
Egoera honen aurrean, EAEko ehungintzako eta oinetakoen merkataritzako langileek hamar greba egun baino gehiago egin dituzte, eta beste bat deitu dute azaroaren 2an, lan baldintzak okertuko lituzkeen Estatuko hitzarmena aplikatuko ez zaiela bermatzeko. Greba egun hauetan jarraipena oso zabala izan da eta ARTE patronal berriaren kateetako dozenaka denda itxi dira. Langileek argi dute hitzarmen honetatik behin betiko blindatzeko aurrerapausorik eman ezean mobilizazioaren bidetik jarraituko dutela.