BIZKAIKO OSTALARITZAN
Beste hiru greba egun deitu dituzte hitzarmenaren negoziazioan aurrera egiteko

Bizkaiko ostalaritzako hitzarmenaren negoziazioak blokeatuta jarraitzen du. Negoziazio mahaiaren azken bilera otsailean izan zen, eta harrezkero Bizkaiko Ostalaritza Elkarteak ez du aurrera egin nahi izan.
Egoera honetan, eta ekainean egindako greba egunek jarraipen handia izan zutela ikusita, ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk greba deitu dute urriaren 4an, 11n eta 12an, eta elkarretaratzea irailaren 26an, 11:00etan, Bizkaiko Ostalaritza Elkartearen aurrean.
Ostalaritzako langileek soldata izoztuta dute 2020tik, eta erosahalmenaren % 12,9 galdu dute ordutik. Gainera, ezegonkortasuna asko handitu da pandemiaz geroztik etengabe aplikatzen diren aldi baterako lan erregulazioen ondorioz, eta hori baliatu dute enpresek malgutasuna handitzeko.
Hitzarmen horrek kolektibitateen sektoreari ere eragiten dio. Sektore prekarizatu horretan, langile gehienak emakumeak dira, eta kontratu prekarioak eta lanaldi partzialak dituzte, baita lan karga handiak ere. Adibide gisa, Gizpuzkoan kolektibitateen sektoreak 1.708 orduko lanaldia dute, eta Bizkaian lanaldia 1.750 ordukoa da. Egoera hau izanda ere, patronalak uko egiten dio sektore horretarako hitzarmen propioa negoziatzeari.