Beste lan-erreforma bat langileen aurka

2005/07/04

CC.OO., UGT, CEOE eta Espainiako Gobernua beste lan-erreforma bat ari dira negoziatzen. Adituen Batzorde baten txostenaren arabera, gomendagarria da malgutasun gehiago izatea. Eta gomendio horiek oso gogoko izan dute bai enpresaburuek, bai Gobernuak. Baina erreforma honen atzetik beste batzuk etorriko omen dira: negoziazio kolektiboa, pentsioak, lan-osasuna...

Oraingo egoera hau 1997ko lan-erreforma egin zen egoera haren antzekoa da. Orduan ere, behin-behinekotasunari aurre egiteko argudioa erabiliz, CC.OO.ek eta UGTk lan-eskubideetan atzera egitea onartu zuten. Esate baterako, kaleratze objektiboa erraztu zen, eta bidegabeko kaleratzea merketu (kalteordaina 45 egun urteko izatetik 33 egun urteko izatera aldatu zen, eta 42 hilabete tope izatetik 24ra murriztu ziren, mugagabeko kontratuetan eta zenbait kidegotan).

1997. urtetik hona erreforma gehiago egin dira, eta eskubideak gero eta murriztuago daude alditik aldira. Enpleguaren egonkortasuna eta segurtasuna finkatu beharrean, izugarri hedatu da prekarietatea, eta zenbait gizatalde emakumeak eta gazteak ahulago geratu dira, eta orohar langile-jendearen erantzun-gaitasuna makalago dago. Bestalde, behin-behineko kontratuei dagokienez, legeari egiten zaion iruzurra orokorra da. Horrek ematen digu aditzera paperean sinaturiko akordioak ez direla oso baliagarriak, ekintza sindikalaren bidez borondaterik eta indarrik ez badaukagu errespetarazteko.

Zertan aldatu dira gauzak, orain dela 8 urte gaizki atera zena orain ondo aterako dela pentsatzeko? Gure ikuspuntutik gauzak ez dira ezertan aldatu. Patronalaren helburuak argi daude. CEOEk badaki azken 20 urteotan izandako lan-erreformen ondorioz kapitala irabazian atera dela indarren korrelazioan, horregatik abaguneaz baliatu nahi dira kaleratzeak merketzeko, Gizarte Segurantzarako enpresaburuen kotizazioak murrizteko, kontratu malguen modalitateak sortzeko, probaldiak luzatzeko, Administrazioak kontratuen amaieran duen eskuhartzea are gehiago gutxitzeko... PSOEren Gobernuak esan duenez, sindikatuek eta patronalak adosturikoa baino ez duela legera eramango. Horrela, beto-eskubidea eman zaio patronalari, eta horrek egoera hobetzeko aukera guztiak galaraziko ditu. Dena dela, murrizketak egitekotan, jakingo dugu behintzat CC.OO. eta UGTren oniritziaz egin direla.

ELA, ESK eta STEE-EILAS kezkaturik gaude CC.OO.ek eta UGTk gizarte-elkarrizketan oraindik ere duten konfiantzagatik. Bide hori urraturik dago, baina ez du emaitza onik ematen:

  • Lan-prekarietatea, etengabe hazten bada ere, ez da auzitan jartzen.
  • Patronalak eta Gobernuak sindikatuen laguntza eta bake soziala eskuratzen dituzte dohainik.
  • Bide horretatik abiatzen diren sindikatuek beren finantzabideak ziurtatu nahi dituzte herri-aurrekontuen kontura.
  • Hego Euskal Herriko esparruari ezetza ematen zaio, eta merkatu bakarra sutsu zaindu, gizarte-kohesioa Estatuko erakundeen baitan dagoela dioen gezurra zabalduz.

ELAk, ESKk eta STEE-EILASek beste orientabide sindikal bat nahi dugu:

  • Prekarietateak dituen mota guztiei (behin-behinekoak, lanaldi partziala, diskriminazioa, azpikontratazioa, ABLE, zerbitzu-enpresak...) aurre egin nahi diegu; eta alde guztietatik, lantokietatik hasita, aurka egiteko eta elkarrekin lan egiteko konpromisoa hartu dugu.
  • Herri Administrazioei eskatzen diegu lege-iruzurra ezabatzeko.
  • Ez dugu onartzen, patronalaren pribilegioak murriztearen trukean, malgutasun gehiago eskaini behar izatea.
  • Gizarte-elkarrizketaren eta itunaren ordez beste bide batzuk urratzea proposatzen dugu. Guk proposatzen dugun bideak elkartasuna izan behar du abiapuntu, eta mobilizazioa eta borroka, ekintza sindikalaren ezinbesteko tresna.
  • EAEko eta Nafarroako erakundeen jokabidea salatzen dugu hemendik, eta salatu ez ezik denon agerian utzi ere haien erantzukizuna, esparru hauetan zuzeneko eta zeharkako enpleguak okerbideratzean izan duten erantzukizun handia.
  • Lan-harremanen eta gizarte-babesaren euskal esparrua erreklamatzen ditugu, lan- eta gizarte-eskubideak euskal erakundeetan arautu ditzaten.